Kandido Saseta, Euzko Gudarosteko Komandante izan zen.

Heldu den asteazkenean 86 urte beteko dira Kandido Sasetaren heriotzaz. Euzko Gudarosteko Lagun Gudalburua oroitarazteko intentzioz, lore eskaintza herrikoia burutuko du Kepa Ordoki – Memoria Historikoa Bidasoan elkarteak, otsailak 25ean, Hondarribiko hilerrian.

Elkarteak Bidasoako bizilagunei dei egin die Kandido Sasetaren hobian loreak eskaintzeko. 12:00etan, Gudalburua oroitarazteko ekitaldia burutuko da. Bertan, ohiko legez, Telesforo Monzonen “Txikia” kantua abestuko da.

Lagun Gudalburu hondarribiarra

Kandido Saseta Hondarribian jaio zen 1904ko abenduaren 12an. Donostiako institututik Ávilako akademia militarrera pasa zen, 15 urte zituela. 1936ko uztailaren 18an, Gasteizko garnizioko intendentziako Kapitaina zen eta estatu-kolpearen ondorioz, kuartela utzi zuen. Azpeitian, Eusko Gudarostearen sorreran parte hartu zuen. Kandido Sasetak bere gain hartu zuen esperientzia militarrik gabeko zibilak armen erabileran trebatzeko ardura Loiolako santutegian.

1937ko urtarrilean, Jose Antonio Aguirre lehendariak Asturiasera bidali zuen, Eusko Jaurlaritzak bidalitako Euzko Indarra (ANV), Amaiur (EAJ) eta Prieto (alderdi sozialista) brigadak zuzentzera. Zailtasun handiz iritsi ziren Nalón ibaira Euzko Indarrako kideak, Amaiurren laguntzarekin. Bidean, Eusko Indarrak gudarien %34-a galdu zituen.

Areceseko borrokaldietan (Trubia) hil zen Kandido Saseta, 1937ko otsailaren 23an. Tokiko hainbat bizilagunen arabera, ia ehun gudari “el Pradón de los Vascos” izeneko zelaian lurperatu zituzten. Gudalburua, aldiz, Areces-eko etxe nagusitik 500 metrotara ehortzi zuten, bide bazterrean. Heriotzak samintasun handia eragin zuen eta Estatu ohoreak jaso zituen Bilbon buruturiko hileta elizkizunean, nahiz eta gorpuzkiak ez berreskuratu.

Gorpuzkien itzulera

1999an, Hondarribiko Olagarro eta Muara elkarteek ‘Kandido Saseta. Eusko Gudarosteko Lagun Gudalburua. Bere oroimenez’ liburua kaleratu zuten, prentsak gudalburuaz idatzitakoa eta garaiko hunkipena jasoaz.

Gerora, 2006ko irailean, datu guztiak Arantzadi Zientzia elkarteari helarazi eta senideen eta eragile ezberdinen laguntzaz, Sasetaren gorpuzkien bilaketa hasi zen. 2007an, geo-radar bidezko lehen bilaketak burutu ziren. Hala ere, urte bete beranduago, Ramón Valdés

Areces-eko bizilagunaren testigantzari esker, Sasetaren gorpuzkien kokapena identifikatu zen. “Herriko gizonak aipaturiko txokoan, 30 edo 40 zentimetrotara eta alboko horma baten harriekin estalia topatu dugu”, adierazi zuen Paco Etxeberria antropologo forentseak. Gorpuzkiekin batera, pizgailu batzuk, bolaluma bat eta Sasetarena izan daitekeen identifikazio plaka topatu zen.

Bakearen eta Berraskidetzearen Aldeko IV. Gernika Saria eman zioten Sasetari 2008ko apirilaren 26an. Egun berean Hondarribiko Udalak omenaldia eskaini zion eta bere gorpuzkiak jaioterrian lurperatu zituzten.