Industri azokan, Mubil Gipuzkoa Electromobility Centerrek sustatuta, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren babesarekin, 81 erakusketarik parte hartuko dute. / Ficoba

Europako hegoaldean mugikortasun jasangarriaren balio kateko profesionalen topaleku izateko jaio zen Go Mobility azoka, eta, lehenengo aldian, Ficoban egin zen, Gipuzkoako erakustazokan (Irunen), 2018ko azaroaren 27an eta 28an.

Helburua bilakatu egin da, eta, bigarren edizioan, zeina Ficoban bertan martxoaren 11n eta 12an izango den, “mugikortasun berri” delakoa erakutsiko da; alegia, jasangarria ez ezik, irisgarria, segurua eta konektatua ere baden mugikortasuna.

Mugikortasun berriak pertsona eta salgaiak garraiatzeko beharrei erantzuten die; efizientzia ekonomikoa du helburu, zerbitzu eta soluzioen arteko konektibitatearen bidez; eta ingurumenaren gaineko eragina txikitu nahi du, ibilerraztasuna bermatuta eta batere istripurik gabeko maila iritsita betiere.

Go Mobility azokaren ikuskera berriak, Mubil Gipuzkoa Electromobility Centerrek sustatuta, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren babesarekin, mugikortasunak planteatzen dituen erronka ugariei erantzun nahi die, eta, horregatik, bigarren edizioaren helburua Europako hegoaldean mugikortasun jasangarriaren balio kateko profesionalen topaleku izatea da, alderdi industrialetik zein alderdi digitaletik.
Azokaren bigarren edizioa hasterako, erakusketarien kopuruak gora egin du, eta, horrenbestez, baita proposatuko diren produktu eta zerbitzuen aniztasunak ere. Zehazki, 81 erakusketarik parte hartuko dute azokan, % 10 gehiagok 2018an baino.

Era berean, azokaren eragin esparru geografikoa ere handituko da: Euskadiko enpresek ez ezik, Estatuko beste leku batzuetako (nagusiki, Madrilgo eta Bartzelonako) konpainiek eta nazioarteko (Frantziako, Suitzako eta are Kanadako) firmek parte hartuko dute.

Eragile publiko zein pribatuen hitzordua

Zalantzarik gabe, eragile publiko zein pribatuek osatutako erakusketari eta bisitari sorta zabal batez ari gara, haiekiko lankidetza eta koordinaziorik gabe nekez egingo baitzaie aurre mugikortasun berriaren erronkei.

Azken batean, helburua da Go Mobility marko pribilegiatua izatea eragile publiko zein pribatuentzat, automobilak egiten dituzten enpresentzat, ekipamendu elektrikoa fabrikatzen dutenentzat, bateria fabrikatzaileentzat, energia hornitzaileentzat, azpiegitura eta sare enpresentzat, oil & gas enpresentzat, zerbitzu integratzaileentzat, konektibitatearen sektoreko eta big data sektoreko enpresentzat, flota operadoreentzat, teknologia eta ikerketa zentroentzat, unibertsitateentzat eta LHko ikastetxeentzat, erakunde publikoentzat…

Guztiek azokan bat egitea, elkarri eragitea eta hausnartzea da asmoa, mugikortasun berriaren esparruko ibilgailuen, karga azpiegituraren, trakzio eta karga aplikazioetarako energia metaketaren, mugikortasun elektrikoaren esparruko zerbitzuen, ekosistema globalaren eta mugikortasun jasangarriaren merkatuaren inguruan negozioa sortzeko.

Bisitariei dagokienez, azokak interes berezia du komunitate eta udalerrietako ordezkari politiko eta teknikoentzat; bidaiari, salgai eta hondakin operadoreentzat; flota publiko eta pribatuen kudeatzaileentzat; azpiegitura publikoen eraikitzaileentzat; eraikuntza zibileko eta arkitekturako enpresentzat; azken erabiltzaileentzako azpiegiturak kudeatzen dituzten enpresentzat; energia hornitzaileentzat; industria laguntzaileentzat; erabilera partekatuko ibilgailuak eskaintzeko zerbitzuentzat; hurbileko garraio eta banaketa zerbitzuentzat; ingeniaritza enpresentzat; IKTen esparruko enpresentzat; inbertsio sareentzat eta arrisku kapitaleko sareentzat; eta abarrentzat.

50 erosle eta inbertitzaile gonbidatu baino gehiago

Go Mobility azokaren helburu nagusietako bat merkatua sortzea da, eta, ildo horretatik, ahalegin handia egin da datozen 24 hilabeteetan aipatutako sektoreetan inbertitzeko asmoa duten Estatuko eta nazioarteko erosleak erakartzeko. Askotariko erosleak dira, Frantzia, Britainia Handia, Panama, Portugal eta Uruguaiko zein Estatuko udalak, garraio enpresak, aireportuak… ordezkatzen dituztenak.

Jarduera paraleloak: mugikortasun berria aztergai

Go Mobillity azokako bisitariek jarduera paraleloen eskaintza aberatsa izango dute aukeran. Batetik, Ficobako 2. pabiloiko hitzaldi egitarau ofizialerako gunean, startupen ordezkariek zein Eusko Jaurlaritzako eta Europar Batasuneko ordezkari instituzionalek hamaika hitzaldi emango dituzte, mugikortasun berriaren ikuspegi berria emateko.

Bestetik, beste dibulgazio gune batean, Exhibitor’s Corner delakoan, hogei erakusketarik hitzaldi teknikoak eman eta produktuen erakustaldiak egingo dituzte, sektoreko azken aurrerapenak aurkezteko.

City Market Place delakoan, berriz, Bilbok, Donostiak, Gasteizek, Irunek, Kopenhagek, Bartzelonak, Madrilek, Sant Cugatek, Setak eta Rouenek beren mugikortasun estrategia eta inbertsio aurreikuspenak ezagutaraziko dituzte (Frantzian daude Seta eta Rouen). Gainera, mugikortasun jasangarriaren esparruko Europako proiektuak poster formatuan erakusteko gune bat izango da.

Azkenik, Test Drive Gunea ere jarriko da, Ficobako kanpoaldeko erakustokian, ibilgailuak ikusteko eta probatzeko.

https://gomobility.eus webgunean kontsultatu daiteke Go Mobility azokako jardueren egitarau osoa.

Datu praktikoak

Go Mobility azokaren inaugurazio ofiziala martxoaren 11n izango da, asteazkenarekin, 9:45ean, Mubil Gipuzkoako Elektromugikortasun Zentroaren standean, eta Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusiak, Arantza Tapia Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Saileko buruak, Ainhoa Aizpuru Gipuzkoako Foru Aldundiko Proiektu Estrategikoetako diputatuak eta Iñigo Ansola Energiaren Euskal Erakundeko zuzendari nagusiak parte hartuko dute bertan. Egun horretan, 9:30etik 18:00etara bitartean egongo da zabalik azoka, jarraian, eta, ostegunean, martxoak 12, berriz, 9:30etik 17:00etara bitartean.

Go Mobility

Euskadi mugikortasun produktu, zerbitzu eta soluzio berriak ikertzen, fabrikatzen, garatzen eta zabaltzen ari diren eskualdeen abangoardian dago. Ahalegin horrekin bat egiten du Gipuzkoako lurralde historikoak, zeinak elektromugikortasunaren arloko erreferentziazko zentro bat sortzen lan egiten baitu, Mubil, sektore horretan dauden gaitasunak indartzeko, haren garapena bultzatzeko eta enpresa-sareak arlo horretan nazioartean duen lehiakortasuna eta posizionamendua indartzeko.

Gainera, Euskadik badu balio kate osoan barrena banatutako industria egitura esperimentatu eta berritzaile bat: erreferentziazko enpresak, Europa osoan ezagunak diren teknologia zentroak, kluster dinamiko eta espezializatuak, talentua biltzen duten unibertsitateak, LHko ikastetxeak, ekintzaileak eta eragile publikoak, mugikortasunaren esparruan soluzio berritzaileak zehazten eta zabaltzen aitzindariak direnak.

Horri guztiari esker, Go Mobility proiektua sortzeko masa kritiko nahikoa sortu zen, Mubil Gipuzkoa Electromobility Centerrek sustatuta, Eusko Jaurlaritzarekin eta Gipuzkoako Foru Aldundiarekin elkarlanean, Euskadin berez baina Europako hegoalde osoari begira.