Kalixa Silanes eta Txomin Sagarzazu. / Hondarribiko Udala

‘Hondarribia mugitzen ari da’. Hori da gaur goizez Txomin Sagarzazu alkateak eta Kalixa Silanes Ingurumen zinegotziak mugikortasunarekin eta bizi kalitatearekin zerikusi zuzena duen proiektuaren izena.

“‘Hondarribia Mugitzen ari da’ proiektua da gaur aurkezten duguna, Egiluze Ikastetxearen aurrean eta Mugikortasun Astearen barnean. Hiriaren beste eredu baten alde egin nahi duen proiektua, mugikortasunaren ikuspegitik”, esan du Txomin Sagarzazu alkateak.

“Gogoratu nahi dut Udal Gobernu Taldearen Legealdi Planean aurreikusten dugun proiektuetako bat dela, oso garrantzitsua beraz Gobernu Taldearentzat. Historia eginez, mugikortasunaren ikuspegitik, 2018ko abendutik Mugikortasun Mahaia abian dela Hondarribiko Udalean, 15 bilera egin direla ordutik, oso partehartzaileak eta aberasgarriak izan direnak gainera. Gainera, 2019ko urrian PMUS edo Hiri Mugikortasunaren aldeko plana onartu zela Udalean, ahobatez”, esan du Sagarzazuk.

“‘Hondarribia Mugitzen ari da’ proiektuaren barnean, gaurko ‘Mugi Zaitez’ da aurkezten dugun lehen urratsa, aurrerago gehiago egongo dira. Azken hileotan gainera, urrats desberdinak eman dira Bitoriano Juaristi kalean eta Talaia Alai proiektuarekin ere”.

Oinezkoa, bizikleta, garraio kolektiboa eta norberaren ibilgailua

Kalixa Silanes Ingurumen zinegotziak zehaztasun gehiago eman ditu. “Mugikortasun Astean gaude, baina COVID dela eta ezin izan dira ekitaldiak antolatu. Udaletik zabaldu nahi dugun mezua argia da: mugikortasun aldetik beste eredu bat posible da. Ez goaz autoa erabiltzearen aurka, eta bai autoa zentzuz erabiltzearen alde. Oinezkoak du eta izan behar du lehentasuna”.

“Autoa zentzuz erabilita denek irabazten dugu. Hiritarrari esan nahi diogu, eta gu lehen tokian jarrita, herrian zehar distantziak ez direla handiak, eta ohiturak aldatu egin behar ditugula, ez da beharrezkoa autoz joatea toki guztietara. Udaletik argi dugu lehentasuna oinezkoak duela, jarraian bizikletak, gero garraio kolektiboak eta azkenik norberaren ibilgailuak. Zentzu horretan, 30 kilometro orduko hainbat seinale jarri dira”, esan du Silanesek.

“Ez da bakarrik ikastetxeetan egin nahi den zerbait, hiri osora zabaldu nahi da. Horregatik, kanpaina potente bat egingo da prentsan, sare sozialetan, eta fisikoki ere kalean, banderolekin, Hiriko toki desberdinetan jarri diren kartel informatibo ikusgarriekin… Igande honetan, Mugikortasun Astea dela eta, Zuloaga kalea oinezkoentzako utziko dugu, soilik garraio publikoa pasa ahal izango delarik. Hilaren 22a nazioarte mailan autorik gabeko eguna da, eta horri jarraiki froga egingo dugu”, amaitu du Silanesek.