Lore Erriondo eta Txomin Sagarzazu. / Hondarribiko Udala

“Ezagutu Hondarribia” izeneko unitate didaktikoak gaur aurkeztu dira Arma Plazan. Lehen Hezkuntzako ikasle hondarribiarrei zuzenduta, aurkezpen-ekitaldian Txomin Sagarzazu Hondarribiko alkatea eta Arma Plaza Fundazioko presidentea eta Lore Erriondo, proiektuaren buru eta arima dena izan dira.

“Ezagutu Hondarribia Arma Plaza Fundazioak, Hondarribiko Udaleko Hezkuntza arloarekin koordinazioan buruturiko egitasmoa da, Hondarribiko ikastetxe eta Irungo Berritzegunearekin elkarlanean”, esan du Txomin Sagarzazuk. “Eskerrak eman nahi dizkiot duela gutxi arte EH Bilduko udal zinegotzi eta Arma Plaza Fundazioko patronatu-kide izan den Lore Erriondori. Bere proposamena duela urte bat jaso genuen eta jakin badakit ordutik hona lan bikaina egin dela, Hondarribiko historia eta geografiara haseratik gure gaztetxoentzat oso tresna egoki eta gaurkotua sortu ahal izateko”.

“Bada urte batzuk Arma Plaza Fundazioa eskolentzako bisita gidatu bereziak egiten hasi zela, Hondarribiko ondare kulturala hiriko haurrengana gerturatzeko helburuarekin eta unitate pedagogikoak ildo beretik dihoaz, gure haurrek Hondarribia ezagutu, gozatu eta maitatu dezaten”, gehitu du Sagarzazuk.

“Egitasmoaren xedea, Hondarribiko ondare kulturalaren transmisioan ekarpentxoa egitea da”, esan du Lore Erriondok. “Oraingo honetan ekarpena haurrei zuzendua dago eta hori helburua izanik, lehen hezkuntzarako unitate didaktikoen bilduma prestatzen ari gara, Hondarribiko ikastetxeetako 6-12 urte bitarteko ikasleentzat pentsatuta. Gaur zuen aurrean aurkezten ari garen hau, bilduma horren lehen alea da”.

“Hurrengo bi urtetan proiektuan lanean jarraituko dugu eta asmoa 2019an bilduma osatuko duten 6 aleak eta dagozkien irakasleen gida liburuak prest edukitzea da. Hirugarren urtean geratu, exeri, pentsatu eta hausnartu egingo dugu, ahal den neurrian hobekuntzak egiteko. Hurrengo astean lehenengo ale hau Hondarribiko ikastetxeetan banatuko da, 2018an urtarriletik lantzen hasteko eskura eduki dezaten. Eramango zaien materiala guztiz doakoa izango da beraientzat. Ikastetxeetako zuzendariekin elkartu gara eta gogo onez hartu dute ekimena”, dio Erriondok.

“Materiale erakargarri eta erabilgarria egin nahi izan dugu, lan-tresna eta jolasaldirako erabiltzeko, bere herria ezagutu eta maitatzen ikas dezaten gure haurrek. Hartara, Hondarribiko Izugarria konpartsako irudiak sartu ditugu, Martxela balea, Kaletarra, Portuarra eta Baserritarra erraldoiak adibidez”.

“EH Bildutik proposatu genuen proiektua da eta herriarentzat ekarpen adierazgarria delakoan gaude. Pertsonalki pozgarria da neretzat baina nabarmendu nahiko nuke proiektuaren inguruan sortutako lan-taldearen inplikazioa. Ez da lan pertsonal bat. Hor daude Arantxa Urbe egon da aholkularitzan, Eñaut Aiartzaguena aritu da ilustrazio lanetan, Otzarreta maketazio eta moldiztegiko Gabri Alonso eta Honorio Lanchas eta Arma Plaza Fundazioko langile den Oihana Lekuona. Bera gabe, ezin da lan hau ulertu. Bihotzez gogoratu nahi dut gure artean jadanik ez dagoen Enrike Lekuona, ontzigintzarekin loturiko lanak berarekin batera egin baititugu”.