Aginagalde eta Mangas. / CD Bidasoa

Ondare Kultur Elkarteak eta C.D. Bidasoak Bidasoaren erraldoia aurkeztu dute astelehen honetan. Erraldoi berezia da, izan ere, bikoitza da: bata bestearen gainean, Tomas Svensson atezain ohia, eta bere gainean, Aitor Etxaburu, 1995ean klubak lortu zuen Europako Koparekin.

“Proiektua 2019ko irailean aurkeztu genuenean esan genuen bezala, ohore handia da Ondarek bere erraldoi berrietako batek Bidasoarekin zerikusia izatea erabaki izana”, adierazi du Gurutz Aginagalde klubeko presidenteak. “Hilabete gutxi barru Bidasoako erraldoia eta Ondareko beste guztiak Irungo kaleetan zehar kalejiran ikustea espero dugu”, gaineratu du.

Ondare Kultur Elkarteak matchfunding proiektu bati amaiera eman dio pieza honekin, eta Irungo gizarteaz gain, Gipuzkoako Foru Aldundiak ere parte hartu du abian jarri zuen Meta 19 kanpainarekin. Diru bilketaren puntuetako bat VELUX EHF Champions Leagueko Bidasoa Irun eta Finlandiako Cocks taldeen arteko partida izan zen, zaleek proiekturako in situ dohaintzak egiteko aukera izan zutelarik.

Iñigo Mangas Ondareko presidenteak “eskerrak” eman dizkie “Irungo eta Gipuzkoako herritarrei, eta, bereziki, Bidasoako bazkideei, elkartearekiko erakutsi duten babesagatik eta interesagatik”: “Erraldoi hau Irun historia erraldoia proiektuan ia lau urteko lanaren amaiera da”.

“Apirilean Ficoban aurreikusita zegoen jaialdian aurkeztea nahi genuen, baina ez zen posible izan. Urtea luze egin zaigu, eta oztopoz betea”, adierazi du Mangasek. Erraldoia Iruñean egin da (Eskuartean Imaginería Festiva enpresan), arropak Fermín Teruelen lana izan dira eta erraldoiaren diseinua, Erik Bengoetxea irundarrarena.

Bisitak

Erraldoiak Irungo kaleak zeharkatu ahal izateko egun handia noiz iritsiko zain, eta Bidasoako zaleek ikusteko aukera izan dezaten, erraldoia Artaleku kiroldegian ikusteko aukera egongo da astelehen (17:00etatik 19:00etara) eta asteartean (11:00etatik 13:00etara; eta 16:00etatik 18:etara).

Ondareren hamargarren urteurrena

2011n sortu zen Ondare, eta erraldoi eta buruhandien bidez Irungo historia kontatu nahi du. Bilduman dagoeneko Alardearekin zerikusia duten piezak, amabitxia opilarekin, trenbide-langilea, Hirugurutzetako meatzaria, Chocolates Elgorriagako langile bat, Aduanako karabineroa eta Irun landatarreko amona baserritarra dade, besteak beste. Gaurtik aurrera, Bidasoaren erraldoia.