Txomin Sagarzazu eta Kalixa Silanes. / Hondarribiko Udala

Udako denboraldia amaituta, Udalak udazkenerako jarduera sorta zabala prestatu du. Horren berri eman dute prentsaurrekoan gaur Txomin Sagarzazu alkateak eta Kalixa Silanes Kultura zinegotziak.

“COVID-19ak erabat kondizionatu duen uda honetan, Udaletik kultur agenda mantendu egin dugu, eta osasun baldintza guztiak beteta, Kasino Zaharreko lorategietan eta Erreginaren baluartean aurrez-aurreko kultur bizia egin dugu. Eguraldi txarra egin duen egunetan, Soroetako pilotalekuan egin dugu. Oso balorazio positiboa egin beharrean gaude, haseratik egoerak erabat baldintzatu duelako dena baina nota altuarekin salbatu dugula uste dut. Zegoen egoera zailera ongi egokitu garela uste dut”, esan du Txomin Sagarzazu alkateak.

“Eskerrak eman nahi dizkiet kultur teknikariei eta zinegotziari egindako lanagatik, baita hiritarrari edo ikuslerari ere. Kultura kontsumitzea beharrezkoa da, ongi ikusi dugu egoera arraro honetan ere, eta hortan segituko dugu Udaletik”, gehitu du Sagarzazu alkateak.

Udazken oparoa kultura aldetik

Kalixa Silanes zinegotziak azaldu duenez, “kultur programazioan indar berezia jarri dugu. Udan emandako emaitzak onak izan dira. 21 jarduera programatu dira, era guztietakoak, eta 2.500 ikusle inguru bertaratu dira”.

“Orain udazkenari begira berriz agenda zabal bat prestatu dugu, orain arte bezala neurri guztiak betetzen. Urrian zehar Kasino Zaharreko lorategietan zenbait jarduera mantenduko ditugu, baina Itsas Etxea Auditoriuma berriz ere bueltan izango dugu, 122 pertsonentzako aforoarekin. Datozen asteetarako ekitaldi ugari antolatu ditugu, kultura ikuspegi zabaletik hartuta. Udal web orrian ikus ahal izango da programazio osoa. Azpimarratu nahiko nuke adibidez hilaren 16an Eñaut Elorrietaren kontzertua izango dugula Itsas Etxea Auditoriumean, antzerki eskaintza zabala izango dugu, baita Fenomena jaialdia ere urriaren 10 eta 11n adibidez”.

“Hilaren 24an Kukai Dantza Taldearen ‘Fair play’ ikuskizuna izango dugu eta hurrengo egunean Bikingo Eguna’” gogoratu du Silanesek. “Azarorako ere ekitaldi asko aurreikusten ditugu, pandemia aurretik hartu genituen konpromezu guztiak bete egingo ditugularik”.