“Oro har, pozik gaude aurtengo Euskal Jirarekin”

Amaia Lera, Irungo Euskal Jirako presidenteordea

0
1787

Irungo Euskal Jira berreskuratu zenetik 40. edizioa ospatu berri dugu. Aktibitate ugari izan dira bai ostiralean, baita larunbatean ere. Irungo Euskal Jiraren presidenteordea den Amaia Lerarekin balantzea egin nahi dugu:

– Irungo Euskal Jiraren 40. edizioa pasa dugu. Zer balantze egiten duzue?

Beti bezala, hobetzeko gauzak ditugu. Baina oro har, pozik gaude aurtengo Euskal Jirarekin. Eguraldi eguzkitsua izan dugu eta jendearen erantzuna bikaina izan da.

– Hitz egin dezagun antolakuntza lanei buruz: zenbat zarete, noiz hasten zarete biltzen…

Batzordean oso gutxi gara, 10 kide inguru. Asko dirudi, baina jende beharra daukagu. Ni sartu nintzenean (duela ia 15 urte) bileretan askoz jende gehiago egoten zen. Beharrezkoa dugu jende gehiagoren laguntza, ikuspegi gehiago, ideia berri gehiago… Azken finean Euskal Jira aberasteko “ur berria”. Bilerak urtarrilean hasten dira. Hilean behin. Gauza orokorretatik xehetasunetara pasatzen gara hilabeteak joan ahala. Azken txanpan, uztailean, astean behin biltzen gara gutxienez. Hortik aparte, denbora gehiago ere eskaintzen diogu Euskal Jirari, bakoitzaren arduraren arabera. Baina zenbat eta gehiagoren artean banatu, orduan eta arinagoa suertatzen da, logikoki.

– Azpiegitura handia behar duzue festa aurrera ateratzeko: gurdiak, lokalak… nola kudeatzen da guzti hau?

Gurdiak urtean zehar Anakako pabilioi batean egoten dira gordeta. Lekua udalak utzi zigun duela urte batzuk, eta beste zenbait elkarterekin elkarbanatzen dugu. Elkarte bakoitzak momentu desberdinean behar izaten duenez, ez dugu arazorik izaten bertan lan egiteko. Gurdia atontzen duten elkarteei pabilioiko giltza uztailean uzten zaie, hara lanera joan daitezen, eta festa ondoren, gurdia desegiten dute eta giltza bueltatzen digute. Alde ederra dago aspaldiko funtzionamenduarekin. Lehen gurdi bakoitzak baserri bat behar zuen. Urte batzuetan pabilioi bat alokatu behar izan genuen… Dena den, oraindik ere badira bi gurdi (Meaka eta Behobia) bertako baserrietan lan egiten jarraitzen dutenak. Gurdi hauek eta besteren bat ez dira Euskal Jirako batzordearenak. Baserritarrek uzten dizkigute. Guri poliki-poliki gurdi gehiago edukitzea gustatuko litzaiguke, jabetzan. Zaila da, gero eta gurdi gutxiago daudelako baserrietan, eta daudenak zaharrak direlako oso. Mantenimendu lan handia eskatzen dute. Horregatik, aurten gurdi berri bat egin dugu. Material sendoagoa erabili dute eta urte asko irautea espero dugu.

Lokal aldetik… garai batean Euskal Kirolak elkartean izaten ziren bilerak. Honek bazuen bere alde ona: beti elkarrekin afaltzen bukatzen genuen (kar, kar, kar). Orain udalak utzitako lokala dugu Arbesko Errota kalean, Santiagoko Deabruekin elkarbanatzen duguna. Eta abantaila asko ditugu: biltegia, bulegoa, biltzeko espazio ederra… Gainera “bizilagunekin” (deabruekin) harremana estutzeko aukera eman digu honek, eta asko estimatzekoa da beraien laguntza.

– Herriko elkarte berriren bat Irungo Euskal Jira atera nahiko balu zer egin beharko luke?

XXI. mendeko teknologia aurrerapenekin trebeak direnek, Facebook bidez egin dezakete. Tradizionalagoek ohiko aukeretara jo dezakete: gutako norbaitekin hitz egin, Arbesko lokaleko postontzian izena eta telefonoa utzi, Euskal Jira egunean barrara hurbildu gurekin hitz egitera… Asteazken edo ostegun iluntzean biltzeko libre samar dagoen edonor ongi etorria izango da. Esparru jakin batez arduratu nahi badu (barra, dantzak, idiak…) jakinaraztea ere komeni da.

– Aurten urte borobila ospatu duzue, 40. edizio Irungo Euskal Jira berreskuratu zenetik. Aktibitate ugari egon dira Irungo Euskal Jiraren inguruan bai ostiralean, baita larunbatean ere… Hurrengo urteetan errepikatzeko asmoarekin?

Goizegi da horrelako erabaki bat hartzeko, balantze ekonomikoa egin beharra dagoelako. Aurtengo berrikuntzekin pozik gaude. Ostiraleko bero handia dela eta, haur gutxi zeuden plazan. Baina beste baldintza batzuetan ziur gaude primerako aukera izango zela. Irungo bertso-eskolako bi kide larunbat goizean trikitilari talde batekin Anakatik eta Urdanibia Berritik ibili ziren, eta hau ere oso positibotzat jo dugu. Hirigunean ez ezik, auzoetan ere Euskal Jira gero eta gehiago sentitzea inportantea da. Larunbat gaueko kontzertua oso ongi egon zen, eta txosna txikian lan ikaragarria egin zuten berandu arte. Sentsazio ona daukagu.