Irabazi-asmorik gabeko elkarte bat da AskatasunArte. / Irungo Udala

Rebeca Gonzalez Balioetako, Giza Eskubideetako eta Berdintasuneko ordezkariak larunbaterako Oiasso Erromatar Museoan prestatu den jardunaldia aurkeztu du AskatasunArte elkarteko ordezkariekin. “Pertsonak gara” izenburuarekin, gaur egun bizikidetzak sortzen dituen erronkei buruzkoa da IV. Nazioarteko Lehiaketa. Aukera-berdintasuna, giza eskubideen urraketa, errespetua, justizia, desberdintasuna onartzea… Giltzarri horiek islatu dituzte beren obretan erakusketa honetarako hautatutako artistek, gogoetarako gonbidapen gisa. Alejandro Santos eta Natalia Cambronero Askatasun Artekoak eta Iñaki Ruiz de Eguino eta Javier Arizabalo epaimailak ere egon dira aurkezpenean.

Ordezkariak adierazi duenez “AskatasunArteren ekimen hau bezalakoek artetik abiatuta gogoeta egitera gonbidatzen gaituzte, eta ezin hobeak dira pentsatzeko baina aldi berean artista garrantzitsuen sorkuntza gozatzeko. Luxu bat da Irunek erakusketa hau egitea urtero”.

Aurten, argazkiak izan dira nagusi. Diziplina horretan, nazioarteko zenbait artistek parte hartu izana nabarmendu behar da. Bertan izan dira, esaterako, Argentinako Karina Echeberri, Mexikoko Joaquín Urrutia edo Peio Basail. Era berean, egia da erakusten diren gainerako beste diziplinetan ere kalitate handia dagoela eta baita dagoeneko ospea duten artistak badirela, hala nola Pilar Soberon, Carlos Ricart, Alejandro Antoraz…

Abuztuaren 10an jardunaldi bat egingo da Oiasso Erromatar Museoan, eta goizean umeentzako horma-irudi esperimental bat eta Master Class bat eginez hasiko da.

Arratsaldean, 18:00etatik aurrera, sariak banatuko dira, eta, ondoren, aurtengo erakusketa inauguratuko da, beste batzuetan bezala. Bertan, proiektua aurkeztuko da, hitzaldi pare bat egingo dira hautatutako gaiaren inguruan, eta dantza garaikidearen emanaldiak eta txalaparta ere izango dira. Ekitaldia bukatzeko, koktel bat eskainiko du AskatasunArtek. Arratsalderako aurreikusitako ordutegia: 18:00-21:00. Erakusketa irailaren 4a arte irekita egongo da.

Irabazi-asmorik gabeko elkarte bat da AskatasunArte, artearen bidez askatasunerako oinarrizko eskubidea jorratzen duena maila indibidualean zein gizarte-mailan. Azken urteetan, Irunen hartu izan dira bere arte-lehiaketara aurkeztu diren gizarte kutsuko gaiei buruzko arte-lanak, Gursekoa bezalako errefuxiatu-esparruetatik errefuxiatuen egoera orokorreraino islatzen dituztenak.