Kirol-instalazioentzako proposamen berria. / SPI

Si se Puede Irun, EAJ eta EH Bildu taldeek Txenperenea-Mendebaldeko kokapena aurkeztu dute, ekainaren 14an, prentsaurreko baten bidez, Plaiaundiko kirol-instalazioak lekuz aldatzeko. Gainera, kokapen berri horrek beharrezko azterlan eta analisi guztiak eginak ditu. Eta, aukera hori merkeagoa izateaz gain, denborari begira ere aukera hobeagoa da.

Aurkezpenari hasiera emateko, EAJ taldearen bozeramailea den Xabier Iridoyk hitza hartu eta gure hirian izan diren eta oraindik hor jarraitzen duten arazoei erreferentzia egin die: “Irunek, une honetan, dagoeneko historikotzat jo ditzakegun arazo asko ditu. Premiazko arazoak dira, baina Jose Antonio Santano jaunaren PSE-EE taldeak gobernuan daramatzan bezainbeste urte daramate konpondu gabe: Olaberriako haranaren babesa, San Miguel-Anaka eremuaren garapena, Iparralde-Gal eremuaren urbanizazio berria, Irungo ekonomiaren dinamizazioa langabeziari aurre egiteko, Korrokoitzeko eremua edo Plaiaundiko pisten leku-aldaketa “.

Era berean, EH Bilduren bozeramailea den Jokin Melidak instalazioetako pisten leku-aldaketa azpimarratu du: “25 urte igaro dira dagoeneko Irungo Udalak pistak lekuz aldatzeko konpromisoa hartu zuenetik, hain zuzen ere Plaiaundiko parke ekologikoa babesteko eta zaintzeko. Kokapen asko proposatu dira, baita adostu ere, leku-aldaketa hori gauzatzeko, hain zuzen ere Zubieta-Hondarribia eta Zubieta-Irun, Beko-Errota, Buenavistako muinoa, Meakako auzoa, Arbes, San Miguel-Anaka, etab. Baina horietako bat bera ere ezin izan da gauzatu: nola arazo teknikoengatik, hala udal-gobernuaren borondate politikorik ezagatik”.

Beste aldetik, Si se Puede Irun taldearen bozeramailea den David Sotok une honetan udal-gobernuan bizi den egoera azpimarratu du: “guztiz blokeatuta eta geldituta dago konpromiso horren betearazpenari dagokionez, eta horrek argi uzten du Jose Antonio Santano jaunaren PSE-EE taldeak ez daukala behar den gaitasuna hiriak dituen arazo garrantzitsuenak konpontzeko”. Eta kritika bat egin dio: “onartezina eta zentzugabea da energia-trantsizioko eta ingurumenaren babeseko politiketan aitzindari izateari buruz hitz egitea eta, aldi berean, Europar Batasunak Natura 2000 Sarean barne hartu duen kokaleku batean dauden kirol-instalazioak lekuz aldatzeko beharraren aurrean gorrarena egitea. Onartezina eta zinikoa da euren burua kudeatzaile on gisa saltzea eta gai horretan, eta beste gai askotan, arazoei aurre egiteko mintzatu, adostu eta konponbide erreal bat lortzeko gauza ez izatea”.

Horregatik guztiagatik, hiru alderdi politiko desberdinak eta ideologikoki anitzak mahai berean eseri dira eta konponbide bat adostu dute, Irun hobetzeko helburu politiko argiarekin. “Porrot egindako azken saioen ondoren, kirol-kluben desilusioa eta gaitzustea ikusirik, eta ez Txenperenea-Ekialdeak, ezta Zubieta-Irunek ere, leku-aldaketa gauzatzeko berme guztiak eskaintzen ez dituztela ziur gaudenez gero, eta, nola ez, gobernu sozialistak orain arte burutu duen kudeaketa ez-eraginkorra aintzat hartuta, oposizioan komenigarritzat jo genuen hitz egitea eta ados jartzea, gure alderdien arteko desberdintasunak alde batera utzita, eta beti Irunentzako eta irundarrentzako onuragarriak diren proiektuak aurrera eramateko helburuarekin”, adierazi du Iridoyk, “orain arte aurkeztu nahi izan ez dugun konponbidea da, hain zuzen ere beharrezko azterlan eta analisi guztiak egin ondoren iragarri nahi genuelako”.

Zehaztasun gehiago emateko, Melidak adierazi duenez, “Txenperenea-Mendebaldea kokapenak ez du inolako eraginik HAPOan aurreikusitako bizitegi-eraikigarritasunean, Txenperenea-Ekialdea kokapenaren kasuan gertatzen omen zena ez bezala. Lurzorua lortzean aurrezteko aukera eskaintzen du, Birpartzelazio Proiektu bidezko doako lagapen baten bitartez, eta, beraz, kokapenik merkeena da. Denborari dagokionez ere aukerarik onena da, hain zuzen ere HAPOren aldaketa antolamendu xehatuarekin batera izapidetuz denbora aurreztuko litzatekeelako. Are gehiago, eremu libreak mantentzen ditu, kirol-instalazioak ikastetxe baten ondoan kokatzen ditu, eta, gainera, hiriko erditik oso-oso gertu dagoenez gero, pistak oso irisgarriak dira”.

Amaitzeko, Sotok aipatu duenez, “proiektu hau eragile politiko desberdinen eskutik jaio bada ere, Irunen ongizatearen alde lan egiteko asmo trinkoarekin egin dute, udal-gobernuari eskatzen zaiona betez. Horregatik, Jose Antonio Santano alkate jaunari, eta PSE-EE taldeari, eskatu nahi diogu aukera hau eztabaidatu eta kontuan hartu dezan, 25 urteko ezgaitasunaren eta ekintzarik ezaren ondoren, azkenean, arazo historiko honi konponbidea eman diezaiogun”. “Soilik desberdinen arteko elkarrizketaren, errespetuaren, lanaren eta kontsiderazioaren bitartez konpon ditzakegu Irunen hamarkadetan zehar geldi egon diren arazoak”, adierazi du Sotok amaitzeko.