Josune Gómez, Euskara arloko ordezkaria. / Irungo Udala

Euskara arloak jakinarazten du eskuragai dagoela aurtengo Euskarazko Produktuen Katalogo berria, bai paperean eta baita interneten ere. Urteko garai honetan seme-alabei edo ingurukoei euskarazko liburu, musika edota jostailu eta jokoak erosi eta opari egiteko aukera paregabea izaten dela kontuan hartuz eta zeregin horretan erabiltzaileari lana errazteko, Euskarazko Produktuen Katalogoaren 19. edizioa osatu berri da, Euskal Herriko 140 bat udal eta mankomunitateetako Euskara Zerbitzuen kolaborazio lanari esker.

Bilaketak erraz egiteko antolatua

Are gehiago, katalogoko produktu guztien artean bilaketa arindu eta errazteko, bai webgunea zein paperezko edizioa bi atal nagusitan banatuta daude: zatietako bat 0-12 urte bitarteko haurrentzako produktuekin osatua, eta bestea, 12-16 urte bitarteko gazteentzako produktuekin osatua. Gainera, webgunean, “Bilaketa aurreratua” dioen atalean klikatuz gero, bilaketa hainbat parametro elkarren artean konbinatuz ere egin daiteke, konparaziora: produktu mota, prezioa eta argitaratze urtea bilatuz; edota argitaletxea, produktu mota eta adina; eta horrela nahi beste konbinazio.

Web orrian informazio gehiago eta eguneratuagoa

Durangoko Azokari begira argitaletxeek azkeneko orduan ateratzen dituzten berrikuntzak, epeengatik paperezko edizioan jaso ezin direnak, katalogoa.eus webgunean aurkituko ditu erabiltzaileak. Izan ere, katalogoa.eus urte osoan berritzen doan webgunea baita, nobedadeak sartuz, deskatalogatu diren produktuak kenduz etab. Hortaz, etengabe hazten dabil jasotako erreferentzien kopurua. Dagoeneko 6.000 produktu inguru biltzen ditu 2 atal nagusien artean.

Bilatu, aukeratu eta zuzenean argitaletxera iristeko aukera

Behin bilaketa egin ondoren, produktu bakoitzaren fitxan honi buruzko datu garrantzitsuenak ikusiko ditu erabiltzaileak (azalaren irudia, titulua, autorea, argitaletxea, produktuari buruzko azalpena, argitaratze urtea, prezioa…) eta, bakarren bat begiz joz gero, argitaletxearen webgunera sartzeko esteka izango du “Non eskuratu” botoian klikatuta.

katalogoa.eus-etik beste webgune interesgarri batzuetarako sarbidea ere eskaintzen da, baita azken nobedadeekin puntualki argitaratzen den buletin elektronikora harpidetzeko aukera ere.

Halaber, lehen aipatutako bi atalek hainbat baliabide eskaintzen dituzte; intereseko web orrien loturak, kultura eta aisialdirako agenden loturak, eta Facebook eta Twitter sare sozialen bitartez jarraipena egiteko aukera.

Era berean, webgunetik aldian-aldian argitaratzen diren nobedadeen erreferentziak jasotzen dituen buletin elektronikora harpidetzeko formularioa eskaintzen du eta baita paperezko bertsioaren pdf-a deskargatzeko hauta ere.

Paperezko edizioak 125.000 ale

Egunotan 125.000 alea banatuko dira Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroan barrena. Gainera, bi atalak desberdintzeko katalogoa bi azalek osatuko dute, hala produktu eta materialak lehenago desberdintzeko aukera eskainiz. Horrela, bilaketa errazteaz gain, nortasun propioa ematen zaio adin tarte bakoitzari. Paperezko edizioak, berriz, ez ditu jasotzen katalogoa.eus webgunean jasota dauden 2017ko produktu guzti-guztiak, atalka antolatutako hautaketa bat baizik: musika, DVD-filmak, aldizkariak, komikiak, liburuak, jostailu eta jokoak eta gurasoentzako materiala.