Udala eta EMEKI Elkartea elkarlanean ari dira kale izendegia eguneratzen. / Hondarribiko Udala

San Pedro eta Bernat Etxepare kaleen arteko eremua “Martxoak 8 plaza” izango da. Hala esan dute Txomin Sagarzazu alkateak inguruan bertan egin den prentsaurrekoan. Ekitaldi berean egon dira ere Gotzone Larrarte Berdintasun zinegotzia, eta EMEKI Elkarteko ordezkariak diren Maria Jesus Berrotaran, Tzane Carrillo eta Kontxi Imaz.

“Gaur hiriaren erdian dagoen gune berezi baten inguruan ari gara. EMEKI Elkartearekin mantentzen ari garen harreman emankorrari esker, esan dezakegu San Pedro eta Bernat Etxepare kaleen artean dagoen eremu edo plazatxo honen izena ‘Martxoak 8 plaza’ izango dela, beharrezkoak diren urrats administratiboak eman ondoren”, esan du Txomin Sagarzazu alkateak.

“EMEKI Elkarteak egindako lanketa eskertu nahi dut, eta Udalaren berdintasun planarekin bat dator gainera, herriko kale izendegia emakumeen izenekin edota eskariekin osatzea baita asmoetako bat. Lan giro egokian ari garela uste dut eta fruituak ematen joango dela ziur nago”.

Gotzone Larrarte Berdintasun zinegotziak esan duenez, “zoriondu eta eskertu egin nahi dut EMEKI Elkartearen lana. Aurten 30 urte betetzen dituzte, etengabe emakumearen alde lanean, eta hori eskertu egin behar dugu”.

“Urtarriletik ari gara elkarlanean, bai gauden pandemia egoeraren baitan aurtengo martxoak 8ko ekitaldi zerrenda bat antolatzen, baita kale izendegia eguneratzeko asmotan ere. Aurtengo martxoak 8rako asmoak baditugu, aurtengo irudia izango den kartel lehiaketa bat deitzea”, gehitu du Larrartek.

Tzane Carrillo pozik agertu da “pausuak ematen ari garelako. Ikerketa bat egin genuen herriko kale izendegian oso emakume gutxiren izenak daudela erakusten duena, eta gure proposamenak egin ditugu. Udalak begi onez hartu ditu eta gaurkoaren ondoren, izen gehiago proposatu ditugu eta orain lanean jarraituko dugu urrats berriak ematen”.