Azaroaren 23an ospatuko Sareuskak Irunen bere 5. Mintzodromoa. / Bidasoa-Txingudi Mugaz Gaindiko Partzuergoa

Gaur aurkeztu du Sareuskak azaroaren 23an ospatuko duten Mintzodromoa. Sareuskako ordezkariek Mintzodromoaren aurtengo edizioaren nondik norakoak azaldu dituzte.

2014ko irailaren 19an Bidasoa-Txingudi Mugaz Gaindiko Partzuergoak, Hego Lapurdiko Euskal elkargoak eta Bortzirietako Euskara Mankomunitateak Sareuska, euskararen sarea sortu zuten. Sareuska egitasmoaren xede nagusia Bidasoaz bi aldeetako eskualdeetan euskararen erabilera bultzatzea eta dinamizatzea da. Helburu hau lantzearren Sareuskak garatutako plangintzan kokatzen den ekimenetariko bat da Mintzodromoa.

Aurten ere Sareuska egitasmoaren baitan Mintzodromoa antolatu da, ekimenaren 5. edizioa izango delarik aurtengoa. Irungo Mendibil Merkataritza gunean izango da azaroaren 23an goizeko 10:00etatik 12:00etara. Orain arte abenduaren 3an ospatu izan den arren aurtengoan Euskaraldiaren hasiera egunean egitea erabaki du Sareuskak, horrela, Euskaraldiari hasiera emango ziolarik Mintzodromoarekin. Euskaraldia hizkuntza ohiturak astindu eta ohiko harremanetan euskara gehiago erabiltzeko ariketa bat izango da Euskal Herri mailan egingo dena azaroaren 23an hasi eta abenduaren 3a bitartean.

Mintzodromora bertaratzen direnak, tokian tokiko zein egunerokotasuneko gaien inguruan mintzatuko dira mahai baten bueltan lauko taldetxoetan eta giro xamur eta lagunartekoan. Hiru gai ezberdin proposatuko dira 15 minutuz mintzagai gisa eta hizketalditxo hauetariko bakoitza, lagun talde ezberdinarekin eginen dute. Julian Iantzik aurkeztu eta dinamizatuko du ekitaldia eta urtero bezala pertsonaia ezagunek ere parte hartuko dute ekimenean. Aurtengoan, Ane Saseta Bidasoa XXIeko presidentea eta igerilari ohia, Ander Elosegi piraguista eta Javier Muguruza musikaria izango ditugu gurekin. Amaieran Iker Lauroba eta Leire Leturia musikarien emanalditxoa izango da eta giroa eta parte-hartzea bultzatzeko eta mokadutxo bat ere eskainiko zaie parte hartzaileei.

Ekimenaren helburua finean, euskaraz mintzatzeko aukera bat gehiago eskaintzea da, batez ere euskara ikasten ari direnei, praktikarako jauzia egin dezaten. Baina era berean euskaldunen arteko harreman sareak ehuntzea ere bilatzen da ekimenarekin. Izan ere, Mintzodromoan parte hartu ondotik, bertan egindako lagun berriekin, euskaraz erlazionatzeko joera biderkatu baitaiteke. Eta modu honetan euskaldun zahar eta berrien arteko igurtziak areagotzeko aukerak ere.

Sareuskak Mintzodromoan parte hartzeko deialdi berezia egin nahi die Irun-Hondarribia, Bortziriak eta Hego Lapurdiko euskaltegietako ikasle eta irakasleei eta baita mintzapraktika programetako parte-hartzaileei ere. Hala ere, ekimena guztiz irekia da eta edozein euskaltzaleri zuzenduta eta irekia dagoela azpimarratu nahi dute.
Parte hartzeko aurrez izena eman behar da eta izen emate epea azaroaren 18a bitartean egongo da irekita. Izena emateko, hainbat bide erabili ahalko direlarik; Irunen, www.irun.org/euskara helbidean. Bortzirietan, Euskara Mankomunitatean edo Solaslaguna egitasmoan. Hondarribian, Mintzalaguna egitasmoan, Udal euskaltegian edo Bezeroaren arreta bulegoan, eta Hego Lapurdin, Euskal Hirigune Elkargoko Hego Lapurdi Lurralde eremuan edo AEK-ko euskaltegietan.