Sergio de la Salud eta Gurutz Aginagalde. / CD Bidasoa

Bidasoa Iruneko jokalari den Sergio de la Saludek datorren denboraldia talde irundarrean ez duela jarraituko iragarri du gaur. “Erabaki oso zaila izan da”, asteazken honetako prentsaurrekoan esan duenez, “pribilegiatu sentitzen bainaiz hiru urtez kamiseta hau jantzi eta klub handi hau defendatzeagatik”.

Asteazken honetan klubeko presidentearekin batera, Gurutz Aginagalde, emandako prentsaurrekoan adierazitakoaren arabera, erabakia “guztiz pertsonala” izan da, “kirol arrazoi eta arrazoi ekonomikoetan sartu gabe, familiarekiko erantzunkizunez hartua”.

Bere hitzartean, jokalariak bartzelonarrak taldekideak, Jacobo Cuétara entrenatzailea, Borja Burguete bigarren entrenatzailea, talde medikoa, aurreko zuzendaritza, egungo zuzendaritza, klubeko langileak, kazetariak eta zaleak izan ditu gogoan eskerrak emateko orduan. Zalegoari buruz, aitortu du “inoiz izan dudan zalegorik onena” dela: “Hemen bizitakoa ez dut inon bizi”.

“Ezinbesteko jokalaria”

Gurutz Aginagalde presidenteak “klubaren izenean” De la Saludek egindako lana bihotzez eskertu du: “Kirol arloan eman duen guztiak ez du hitzik behar. Asko eta oparoa izan da, gurekin eman dituen hiru urte hauek nahikoak dira klubeko zati ezinbestekoa bihurtu dela ikusteko”.

“Ziur nago eskertza hitz hauekin Sergiok aipatu dituen persona guzti horiek bat egiten dutela”, esan du Aginagaldek”, “jokalari moduan gurekin jarraitu ez arren, gure artean ikusteko aukera izango dugula” desiatu aurretik.

Hiru denboraldi Irunen

De la Salud FC Barcelonaren harrobian sortu zen eta ASOBAL Ligan Guadalajara eta BM Aragónen jokatu du. 2018ko udan iritsi zen Irunera, Frantziako Chartres taldetik. Orduz geroztik, Sacyr ASOBAL Ligako 67 neurketa jokatu ditu (167 gol); VELUX EHF Champions Leagueko hamaika (30 gol); EHF European Leagueko hiru (bost gol); Errege Kopako hamar (23 gol); eta ASOBAL Kopako lau (9 gol).