Aginagalde, Sesma, Serrano eta Sodupe. / CD Bidasoa

Iker Serrano (Urretxu, 1984) Bidasoako kapitain eta jokalariak astearte honetan jakinarazi duenez, ez du datorren denboraldian Irungo taldean jarraituko. “Bost urte zirraragarriak izan dira, eta azken aldian nire zikloa hemen amaitu dela sentitu dut”, laburbildu du urretxuarrak: “Bost urteko ziklo bizi hau azken hamar partidetan dugun erronka handia lortuz ixtea espero dut”.

Behin azken urtea Artalekun izango zela erabakita, eta bertan erretiroa hartzeko aukera mahai gainean egonda, “bost urte luzeren ondoren, nire zikloa hemen amaituta zegoela sentitzen nuen, baina pandemiak ekarri dituen baldintzen artean, beste ziklo bat ireki dezakedala sentitu dut”.

Eskubaloi jokalariak Javier Sesma, Jose Ángel Sodupe eta Gurutz Aginagalde bera Bidasoan egon den bitartean edukitako presidenteen zuzendaritzei; Miguel Ángel Izquierdo, Julián Ruiz, Aitor Etxaburu, Jordi Ribera eta Jacobo Cuétara entrenatzaileei; klubeko mediku, fisiko eta bulegoko langileei; taldekideei; kazetariei eta zaleei eskerrak eman dizkie: “Artalekun Altearen aurka jokatu nuen lehen partidatik gaur arte, baita publiko gabeko baldintzetan ere, zuen babesa eta arnasa sentitu dugu”.

Prentsaurrekoan, egungo jokalariak, Jacobo Cuétara entrenatzailea, Sesma, Sodupe eta Aginagalde bera izan ditu Serranok lagun. Aginagalde bera taldekidea izan zuen Serranok 2002/2003 denboraldian Asobalen debuta egin zuenean. Hastapeneko neurketa horiek gogoratzeaz gain, presidenteak “Iker bezalako jokalari batek eta, batez ere, bera bezalako pertsona batek atzo, gaur eta bihar klubeko ateak irekita” izango dituela adierazi du.

Ildo berean, denboraldi hau amaitu arte geratzen diren neurketetan Artalekuk kapitaina “merezi duen bezala” agurtzeko aukera izatea espero duela esan du agintariak: “Ziur nago betetzeke dagoen azken ametsetakoa dela, aipatutako ‘gero arte’ hori esan baino lehen”.

Ia 20 urte ASOBALen debuta egin zenetik

Iker Serranok 13 denboraldi daramatza Sacyr ASOBAL Ligan. Lehen talde bidasotarrarekin debuta egin zuen, Aitor Etxabururen aginduetara, 2002/2003 denboraldian ITE Hondarribiako jokalaria zenean. Estreineko neurketa Palau Blaugranan izan zuen 2003ko martxoan. Denboraldi hartan lehen taldearen deialdian parte hartu zuen beste bost partidetan (Altearen aurka, Artalekun debuta; Granollers, Gáldar eta Valladolid etxetik kanpo; eta Alcobendas Irunen).

Amenabar Zarautzen urtebete egin ondoren, 2004an Forcusa Huescak Serrano fitxatu zuen, eta hurrengo udan urretxuarra Almeriara joan zen. Hiru denboralditan 87 partida jokatu zituen Ligan, 257 gol sartuta. 2009/2010 eta 2010/2011 denboraldietan JD Arrate Eibarko taldean jokatu zuen (Ligako 59 partida, 121 gol). Sasoi batez Tremblayn eman ondoren, ASOBAL Ligara itzuli zen, Puerto Saguntok fitxatuta (60 partida eta 247 gol). Bi denboraldi geroago, Frantziara egin zuen berriz bidaia, Mulhousera 2013ko udan, eta Bidasoa Irunera itzuli zen 2016/2017 denboraldian.

Bost urte hauetan, egungo kapitain bidasotarrak partida guztiak jokatu ditu Sacyr Asobal Ligan, bakarra izan ezik, Liga hartako bosgarren jardunaldian Fertiberia Puerto Saguntoren aurka horiz jantzi zenetik. Orduz geroztik jokatutako 129 partidatan, Serranok 291 gol sartu ditu. Europan, 12 partida jokatu ditu VELUX EHF Champions League-n (18 gol), eta beste hiru EHF European League-n (4 gol). Errege Kopan 14 partida jokatu ditu (47 gol); eta lau Asobal Kopan (10 gol).