Jende pila ibili da Aste Santuan Hondarribian datuen arabera. / Hondarribiko Udala

Euskal Herriko eta Gipuzkoako datuek diotena jarraituz, Hondarribian jende pila ibili da Aste Santuan, baina iazko aglomeraziorik gabe. Arma Plaza kultur eta turismo informazio puntutik jakinarazten zaigunez, 2.631 izan dira Aste Santuan bulegotik pasa diren turistak, iaz baino %25 gutxiago. Jaitsiera nabarmenena Frantziatik etorritako turistena da, %38an egin baitu behera. Iaz opor egunak ziren Frantzian eta aurten ez, eta horrek eragina izan du Hondarribiko datuetan.

“Aste Santuaren balorazio positiboa egin beharrean gaude. Denetatik izan badugu ere, eguraldi ona aipatu behar da larunbatean izan ezik. Arma Plazatik egun hauetan etengabe lan egin da. Goizeko 9:30etatik 19:30ak arte ireki da etengabe, eta bertatik kontatzen digutenez, ostegunean 645 bisitari pasa ziren, ostiralean 717, larunbatean 517, igandean 564 eta Pazko Astelehenean 188”, dio Txisun Altuna alkateordeak.

“Turisten jatorriari dagokionez, %19 kataluniarrak izan dira, %18 madrildarrak, %17 euskaldunak, beste %8 Gaztela eta Leoikoak eta beste %6 frantziarrak. Alde Zaharreko ondarea, eliza, Portua auzoa eta gastronomia dira gehien galdetzen ziren gaiak”, dio Altunak.

Arma Plaza Fundazioak Alde Zaharretik, parrokiatik, gaztelutik eta Portua auzotik egiten ari diren bisita gidatuek oso harrera ona izan dute. Bost egun horietan 242 pertsonek hartu dute parte, iaz baino %59 gehiago.

82.380 auto Amuteko biribilgune berritik

“Trafikoari dagokionez, Ostegun Santutik Pazko Astelehenera, Hondarribira 82.830 auto sartu dira. Gehien ostiralean sartu ziren, 18.401 autorekin, baita igandean ere beste 18.102rekin”, gehitu du Altunak.

“Jai egunak hasi aurretik amaitu zen Amuteko biribilgunearen lehen froga izan da. Oso egun fuerteak izan dira, eta zenbait momentutan ilarak sortu badira ere, bere emaitzak ematen hasi dela uste dugu, ahal den neurrian trafikoa arintzeko”, amaitu du Altunak.