Txakurkrossa igandean Higer itsasargiko inguruetan

Lau lasterketa ezberdin egongo dira eta horietariko bat Euskadiko Txakurkros Ligarako balioko du

0
1362

Igande honetan txakurkrossa izango dugu hirugarren urtez Hondarribian. Euskanikross Kirol Elkarteak antolatua, Higer itsasargiko inguruetan burutuko da gaur aurkeztu den III. Hondarribia-Endanea Txakurkrossa.

“Gaurkoan kirol modalitate ezberdin bat aurkezten dugu. Kanikrossak hirugarren edizioa du Hondarribian. Lasterketa desberdinak daude, eta udaletik dei egin nahi nieke herritarrei Talaia bidera hurbiltzeko igandean. Pena merezi du, kirol ikusgarria da”, esan du Kirol zinegotzia den Kalixa Silanesek.

“Lehenik Bikejoring delakoaren txanda etorriko da. Txakurrak txirrindaren aurretik joaten dira diziplina honetan. Berria da eta ikuskizun ederra izan ohi da. 10:00etan izango da. 10:30etan lasterketa absolutua izango da. Euskadiko Txakurkros Liga (ETL) ekitaldiko proba izango da eta bertan Euskadiko bikoterik onenak elkartuko dira, baita Estatutik etorritako kirolariak ere”, esan du Euskanikross Kirol Elkarteko ordezkaria den Sara Vicentek

Amaitzeko, 11:45etan herri lasterketa egongo da eta 12:00etan haurrentzako lasterketa txiki bat.