Irungo Udala. / Oihana Sanchez

Normalean, udal aldizkari berriak apirilean egon beharko luke kalean, baina, bizitzen ari garen osasun krisialdiaren eta dekretuz agindutako alarma egoeraren ondorioz, Irungo Udalak ale berezi bat kaleratu du: udal aldizkariaren bertsio laburtu bat, COVID-19 gaitzarekin zerikusia duten Irungo berri guztiak dakartzana. www.irun.org/coronavirusudal webgunean eskuratu daiteke dagoeneko.

Sei orrialdetan, euskaraz eta gaztelaniaz, joan den martxoan alarma egoera deklaratzeko dekretua kaleratu zenetik albiste izan diren gai guztiak laburbiltzen ditu udal aldizkariaren ale bereziak. Ohiz kanpoko egoera berri honetan azken asteetan udal mailan hartu diren neurriak biltzen ditu, hala nola zerga eta tasen esparruan hartutako erabakiak, kiroldegietako abonamendu eta ikastaroei buruzkoak eta merkataritza eta ostalaritza gaiekin zerikusia dutenak, baita Bidasoa bizirik-ek, Zaisak eta Txingudiko Zerbitzuek hartutako neurriak.

Herritarrak erantzun eredugarria ematen ari zaizkio krisialdi honi, eta, horren adierazgarri, komunitateari laguntzeko sustatu diren ekimenen erakusgarriak ere dakartza, hala nola Gurutze Gorriko eta Babes Zibileko boluntarioak kolektiborik behartsuenei ematen ari zaizkien laguntza. Era berean, zerbitzu publikoak egun hauetan hartzen joan diren neurri puntualak aipatzen ditu: egoitzetan dauden adinekoak senideekin harremanetan jartzeko erraztasunak, garbiketa eta desinfekzio lanen areagotzea, osasun etxeetarako baliagarria den materialaren hiru dimentsioko inprimaketa…

Informazioaren osagarri, herritarrekin harremanetan jartzeko (dela hiriko gai orokorrak jorratzeko, dela koronabirusari eta osasun larrialdiei buruzko zalantzak argitzeko) irekitako bideak datoz. Alde horretatik, aipatzekoa da Herritarrentzako Arreta Zerbitzuak arreta ematen jarraitzen duela aurrez aurrekoak ez diren bideetatik: Internet bidezko tramiteak egiteko, 24 orduz,www.irun.org/sac webgunean; Zerbitzuaren bulegoetako atariko autozerbitzu terminaletan; eta, astelehenetik igandera bitartean, 8:00etatik 19:00etara bitartean, telefonoz.

www.irun.org/coronavirus webgunean kontsultatu daiteke aldizkaria.