Ane Unanue eta Jokin Melida. / Irungo EH Bildu

Euskaren hilabetea datorrela baliatuz, euskari buruzko prentsaurrekoa eman dute Irungo EH Bilduko bozeramaile, Jokin Melida, eta taldeko zinegotzi Ane Unanuek. Argi utzi dutenez, “Euskara balorerik preziatuena da gure taldearentzat”.

Melidak eta Unanuek azaldu dutenez, hilabete honetako udalbatzara 2018-2022 bitarteko Irungo Udalean Euskararen Erabilera Normalizatzeko Plana eramango da. Koalizioaren jarrera “ez oztopatzailea” izango dela argitu dute baina aurrera pauso gehiago eman behar direla adierazi dute: “Erritmoak azkartu behar dira, azeleradorea zapaltzeko unea da”.

Hala, koalizio abertzaleko kideek azaldu dutenez, “datorren urtetik aurrera, euskara normalizatzeko plan berria landu nahi dugu prozesu parte hartzaile baten bidez. Eragileekin batera, normalizazio plan osatu eta sakona egin nahi dugu, euskarari merezi duen tratu duina emateko. Esan gabe doa Irungo EH Bildu buru-belarri jarriko dela horretan”.

EH Bilduk euskarari ematen dion garrantziaren erakusle adibideak aipatu dituzte bi zinegotziek: “Urteak daramatzagu euskararen mesederako proposamenak aurkezten: Euskararen erabailera sustatzeko, gazteei zuzendutako euskarazko ekintzetarako, hizkuntza paisaia hobetzeko, euskarazko komunikabideei dirulaguntzak igotzeko…”.

Horrekin jarraituta, 2016 urteko aurrekontuan gertatutakoa gogora ekarri dute Melidak eta Unanuek: “Bereziki esanguratsua izan zen 2016 urteko aurrekontuetan euskara ikastea doan izateko partida aurkeztu genuela. Orduan ez zen aurrera atera, PSEk, EAJk eta PPk aurka bozkatu baitzuten. Halere, gure saiakera horrek gerora fruituak eman zituen, eta Irun izan zen diru laguntzen %100a beregain hartu zuen lehenengo udaletakoa”.

Egindako lan pedagogikoari esker, euskaren aldeko jarrera geroz eta partekatuagoa dela uste dute EH Bilduko kideek. Halere, inboluzi arriskuak hor jarraitzen duela ohartarazi dute: “Urrutira joan gabe, aste honetan bertan, Carolina Darias Lurralde Politika eta Funtzio Publikorako espainiako ministroak honakoa esan du: ‘Euskarak, meritua bai, baina ez du baldintza izan behar enplegu publiko bat lortzeko”.

Aipatutako inboluzio arriskuari aurre egiteko biderik eraginkorrena “ batetik instituzioek aurrera pausoak ematen jarraitzea da, eta bestetik guztiok euskara gehiago egitea” dela esan dute Melidak eta Unanuek. “Hori izan da, aspalditik, gure taldearen lehentasuna eta horregatik, udalbatzetan nagusiki euskaraz aritzen gara. Zentzu honetan, gainontzeko taldeei ere gonbitea luzatu nahi diegu gure hizkuntza gehiago erabil dezaten”.

Azkenik, Udal Organigrama berregiteko lanak aipatu dituzte EH Bilduko zinegotziek: Gure taldeak gabonetan gure proposamena partekatu zuen udal gobernuarekin. Bertan, berdintasun eta gazteriarekin batera, euskarari zeharkako izaera ematea eta alkatetzarekin zuzeneko harremana izatea eskatu genuen. Datorren asteko udalbatzara eramango da, eta gaur hemendik, udal gobernuari, berriz ere, eskatzen diougu euskarari merezi duen lekua eman diezaion”.