Sistiaga, Silanes eta Arrieta. / Hondarribiko Udala

Udal Liburutegiak sormenezko idazketaren tailerren edizio berri bat antolatuko du hasi berri dugun 2021erako, euskaraz zein gaztelaniaz. Horien aurkezpena duela gutxi egin da Zuloaga Etxean, Kalixa Silanes Kultura zinegotzia eta Itziar Sistiaga eta Yolanda Arrieta gaztelera zein euskarazko tailerren arduradunak bertan zirela.

“Izena emateko epea gaurtik larunbatera bitartean egongo da zabalik Zuloaga Etxeko erakusmahaian, liburutegia@hondarribia.eus helbide elektronikoan, 943 111 285 telefono zenbakian edo 688 860 846 whatsapp bidez”, dio Kalixa Silanes Kultura zinegotziak.

“Iaz izena emateko lekuek hegan egin zuten. Oso ondo funtzionatu zuen eta horregatik edizio honetarako aukera gehiago eskaini nahi izan ditugu. Bizi dugun pandemia testuinguru honetan, aukera ona da jendeak bere kezkak eta sentimendua adieraz ditzan. Hondarribiarrak izena ematera animatzen ditut, egin duten guztiak oso pozik daude eta”.

Tailerrak euskaraz eta gaztelaniaz

Yolanda Arrieta arduratuko da 12 plazatarako euskarazko tailerra aurrez aurre emateaz, hilean bi larunbatetan, 11:30etik 13:00etara, urtarrilaren 16tik aurrera. Itziar Sistiagak gidatuko ditu gaztelerazko tailerrak, astearteetan eta telematikoki, 18:30etik 20:00etara.

“Larunbatean jendea gustura egoten da, zerbait desberdina egiteko gogoz”, dio Yolanda Arrietak. “Beti da une egokia idazteko eta irakurtzeko, baina gauden testuingurua agian are ahulagoa da”.

Itziar Sistiagak badu 2020ko esperientzia, eta azpimarratu du tailerrak “sormenaren alderdi guztiak jolasaren bidez lantzeko planteatzen direla, azken aldian asko salbatu gaituela uste baitut. Pasa den urteko astearteetan elkartzeko, ondo pasatzeko, barre egiteko, igarotzen ari garen guztitik pixka bat ateratzeko eta beste mundu batzuk irudikatzeko egun bihurtu ziren”.

Gaztelerazko tailerrak urtarrilaren 12an hasiko dira eta astearteetan izango dira 18:30etik 20:0etara.