Ekainaren 18ko Udalbatza. / Hondarribiko Udala

Atzo Pleno Aretoan egin zen ekaineko osoko bilkura arruntean, 7.640.797 euroko kreditu-aldaketa onetsi zen, bai eta aurtengo eremu publikoa okupatzeko tasaren %100eko hobaria ere. Bestalde, EAJk Hiri Antolamenduko Plan Orokorrari buruz aurkeztutako mozio bat onartu zen, Abotsanitz, PSE-EE eta EH Bilduk aurretik aurkeztutako beste mozio bat ezetsi ondoren.

Osoko Bilkura Internet bidez eman zen lehen aldiz, eta lau ordu iraun zuen: 17 puntu gai-zerrendan, eta itxura desberdina zuen Pleno Areto Batean. Zinegotziek eta Udaleko ezinbesteko langileek baino ez zuten parte hartu.

Txomin Sagarzazu alkateak nabarmendu zuenez, “2020ko aurrekontuan sartzeko 7,6 milioi onartzea bultzada ekonomiko handia da hirian. Gizarte-arloan, gizarte-larrialdietarako laguntzetarako 450.000 euro erabiliko ditugu, beste 293.000 euro Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzurako eta 100.000 euro gehiago familientzako laguntzetarako. Nabarmentzekoak dira ere ia 2,7 milioi euroko partidak bide publikoetan inbertitzeko, 500.000 euro Saindua Gaztelekua berritzeko, beste 370.000 euro San Nikolaseko zubia berritzeko, 257.000 euro kirol-klubentzako diru-laguntzetarako, 120.000 euro Mendelu Eskapatxuloko Plan Berezirako edo 100.000 euro eskailera mekanikoak konpondu eta doitzeko, adibidez”.

PSE-EE eta EH Bildu abstenitu egin ziren, eta Abotsanitzek, berriz, aurka bozkatu zuen; izan ere, “partida batzuk proposatu genituen eta jaso egin direla ikusten dugu, baina, adibidez, ez gaude ados kirol elkarteentzako partida bat sartzearen alde, Kirolzerrek kudeatzen dituen kirol-instalazioak erabiltzeko gastuari aurre egiteko”.

Bertaratuek aho batez onartu zuten, halaber, eremu publikoa okupatzeko tasaren %100eko hobaria, batez ere hiriko ostalaritza- eta merkataritza-establezimenduetarako.

Zortzi mozio

EAJren aldeko botoekin eta Abotsanitz, PSE-EE eta EH Bilduren aurkako botoekin, azken hiru alderdi horiek HAPOri buruz aurkeztutako mozioa errefusatu zen. Mozio horretan eskatzen zuten “jasotako epaiari helegiterik ez hartzea, epaiak izango dituen ondorio juridikoen inguruko azterketa partekatua egitea eta HAPO-a egikaritzeko garaian adostasunean oinarritutako lanketa egitea”.

Botoen zentzu berarekin, EAJren mozio alternatiboa onartu zen, hiru punturekin. Lehenik, “Mendelu-Eskapatxulo eremurako errekurritutako hirigintza gaiak legearekin bat datozela adierazi du epaiak, ez, ordea, gai orokorrei buruzko prozedura teknikoaren atal bat. Bigarrenik, “epaia irmoa izango balitz, administratiboki eta juridikoki egoera konplexua eragingo luke, eta hiriaren garapen urbanistikoaren alorrean martxan dauden proiektu asko neurriz kanpo geldiarazteaz gain, interes orokorrarekin zerikusia duten hainbat gairi eragingo lioke, etxebizitzen sustapen publiko zein pribatuen gauzatzeari eta jarduera ekonomikoen eremuen garapenari, besteak beste”.

Eta hirugarren puntu bezala, “HAPOa, hirigintza planeamendu-tresna garrantzitsuena, prozedura publiko eta demokratikoen bitartez eragile askoren ekarpenek urtetan aberastutako emaitza da. Hori dela eta, esku artean dituen baliabideak erabiliz bide guztiak aztertzeko konpromisoa hartzen du Hondarribiko Udalak, egoera hiriaren etorkizunerako modurik eraginkorrenera bideratzeko, Auzitegi Gorenean kasazio-errekurtsoa aurkeztea ere baztertu gabe”.

Jarraian, aho batez onartu ziren EH Bildu udal taldeak aurkeztutako mozio bat, Asturiagako segadaren 46. urteurrenari buruzkoa; beste mozio bat, talde berak aurkeztua Udalak bilera publikoak egiteari buruzkoa eta hirugarren bat, Abotsanitzen eskutik, Hondarribia glifosatorik gabeko hiria izan dadin.

13. puntuan, EH Bilduren beste mozio bat onartu zen pandemia garaiko presoen inguruan, EAJren eta Abotsanitzen aldeko botoarekin, eta PSE-EEren aurkakoarekin.

Azkenik, ez zen onartu PSE-EEk LGTBI Harrotasunaren Nazioarteko Egunari buruz aurkeztutako mozioa, eta EAJren beste alternatiba bat aurrera atera zen, Abotsanitz eta PSE-EEren aldeko botoarekin eta EH Bilduren abstentzioarekin.