Aste honetan Santiago eta San Pedroko platanoekin hasi da. / Hondarribiko Udala

Udala Hondarribiko hiri gunean eta erdi-hiri gunean zuhaitzak kimatzen hasia da. Gaurtik, kimaketa prozesua San Pedro kalean zentratuko da. Hala eman du aditzera Txalo Carrion, Obra eta Hirigintzako zinegotziak kale berean emandako prentsaurrekoan.

“Herritarrei prozesuaren berri eman nahi diegu”, dio Carrion zinegotziak, “eta ahalik eta eragozpen gutxien sortzeko beharrezkoa den koordinazioa azaldu nahi diegu. Kimaketa urri bukaeratik urtarrila bitarte egiten dira, segurtasuna eta higienea zaintzeko, baina azken asteotan izaten ari garen eguraldi txarrak erabat baldintzatu egin digu egutegia”.

“Udal Brigadako lorazainek egutegi bat prestatzen dute aurrera eramateko, baina eguraldiak, eta langileen zein hiritarren segurtasuna kontutan hartuta, ez da erreza izaten egutegi hori betetzea”.

Txalo Carrion, Obra eta Hirigintzako zinegotzia. / Hondarribiko Udala

“Zuhaitzak dauden toki askotan trafikoa dabilen errepideak daude, baita aparkalekuak ere; beraz komeni denez, horietan noiz arituko garen ohartaraziko dugu. Kale konkretu batean hasi aurretik abisuak jartzen ditugu aparkalekuak erreserbatuz. Lehenbizi eskoletan ekin genuen, izan ere eroritako hostoek kainu-zuloak estali eta umeekin arazoak sortzeko arriskua dago. Lan horiek dagoenik eginak dira urrian”.

Aste honetan Santiago eta San Pedroko platanoekin hasi da, gero Biteri kalea, Bernat Etxepare, Soroeta, eta handik Alde Zaharrera. Jarraian Donosti kalea, Arrantzale Auzoa, Gibeleta eta Alamedara joango dira, pixkanaka hiri osokoak egingo direlarik. Eguraldiaren menpe mantenduko da ezarritako egutegia.