Umoreari buruzko solasaldia Hondarribian

Blagan Euskara Elkarteak antolatuta, Uxoa Anduaga Berroratan eta Ane Labaka Mayozekin

0
1222

Zer da umorea? Nola eta zertarako erabiltzen da? Mugak jarri behar al zaizkio umoreari? Umorea errealitatearen isla al da? Zer umore diskurtso mota daude Euskal Herrian? Euskaldunoi zerk ematen digun barregura eta zerk ez? Zer umore mota dago bertsolaritzan?

Galdera hauei eta beste hainbati erantzuten saiatuko gara Blagan Euskara Elkarteak martxoaren 21erako Kultur Etxean (19:00etan) antolatu duen solasaldian. Horretarako, umorearen gaia landu duten Uxoa Anduaga Berrotaran eta Ane Labaka Mayoz gonbidatu dute.

Uxoa Anduaga Berrotaran soziologoak denbora luzea eman du umorearen barne mekanismoak aztertzen, eta horixe izan zen 2016an aurkeztu zuen doktore tesiaren gaia: Herri barrez: Umore bidezko euskal nazioaren eraketa prozesua. Haren ustez, orain umore asko egiten da, horretarako baliabide gehiago daude eta umore anitzagoa egiten da. Argi du, era berean, “umorea politikoa dela”; umorean beti ematen dela iritzi bat, beti hartzen da posizio bat.

Ane Labako Mayoz bertsolari eta sortzailea bertsolaritzan garatu izan den umoreak aztertu zuen Bertsolaritzan garatutako umorea(k) aztergai, genero ikuspegitik izeneko ikerketa-lanean ondorio honetara iritsiz: “umorea zapaltzea da goitik beherako noranzkoan; behetik gora (edo parez pare) gauzatzean, aldiz, askatzea izan daiteke, erresistentziarako arma”.

Bien ikerketa-lanen ondorio nagusienak azaltzeaz gain, Uxoa Anduagak eta Ane Labakak umorearen inguruan maiz sortzen diren galderen inguruan hausnartuko dute Hondarribiko Kultur Etxean Blagan Euskara Elkarteak antolatu duen solasaldian.