Maria Serrano eta Aritz Enparan. / Hondarribiko Udala

Laister da gure artean Euskaraldia 2020. Atzotik irekita dago herritarrentzat ‘Ahobizi’ eta ‘Belarriprest’ moduetan izena emateko epea, eta bihar itxiko da ordea entitateentzat ‘Arigune’ bezala izena ematekoa. Horren berri eman du gaur goizean prentsaurrekoan Maria Serrano Euskara zinegotziak eta Aritz Enparan Euskaraldiaren Herri Batzordeko dinamizatzaileak.

“Aurreko Euskaraldian bezala, Euskal Herri osoan egingo da ariketa eta euskaraz ulertzen duten 16 urtetik gorako herritar guztiek hartu ahal izango dute parte” esan du Serrano zinegotziak. “Aurtengoan, 15 eguneko ariketa izango da: azaroaren 20tik abenduaren 4ra. Eta berritasun batekin dator: norbanakoez gain, entitateek ere hartu ahal izango dute parte”.

“Ahobizi eta Belarriprest izango dira aurten ere herritarrek bete ahal izango dituzten rolak Euskaraldian”, esan du Aritz Enparanek.

“Ahobizi, euskara ulertzen duten guztiekin euskaraz egingo dut uneoro. Hizketan beti euskaraz hasiko naiz, parekoak euskaraz ez duela ulertzen esaten didan arte. Gazteleraz erantzuten badit ere, eta euskara ulertzen badu, nik euskaraz hitz egiten jarraituko dut. Belarriprest ordea, niri euskaraz hitz egitea nahi dudala adieraziko dut, eta nik erabakiko dut noiz eta norekin egin euskaraz. Baliteke euskaraz ongi jakitea, baina hainbat arrazoigatik, ezin dut konpromisoa hartu euskara ulertzen duten guztiekin euskaraz hitz egiteko”.

“Entitateek Arigune modura parte hartu duten bezala, herritarrei dei egin nahi nieke Ahobizi eta Belarriprest modura parte hartzeko. Gure hizkuntzak hala merezi du”, amaitu du Maria Serranok.