Leticia Vergara, Fernando Etxepare eta Jokin Babaze. / Ametsa Abesbatza Kultur Elkartea

Ametsa&Zinema da 2018 urte honetan Irungo Ametsa Abesbatza Kultur Elkarteko koruek ohiko duten jaietako kontzerturako egiten duten proposamena. Datorren ekainaren 17an, 19:00etan, Amaia Kultur Zentroan, zinerako musikaren lan haundienetako zenbaiti errepasoa egingo zaio hitzordu honetan.

Mateo Vergara, irundar showman eta telebistako programen animatzaile ezagunak animatuta, ikuskizun honetan, Ametsa Txiki, Ametsa Gazte, Ametsa eta Betiko Ametsa abesbatzak pasako dira eszenatokitik, Javier Perez de Azpeitia (pianoa), Igor Torre (bibolina eta baxua), Jorge G. Beragaña (gitarrak) eta Jorge Pacheco (perkusioak eta batería) musikari laguntzaile dituztela.

Guztiek, Fernando Etxepare, Eneko Amundarain eta Leticia Vergararen zuzendaritza musikalarekin, West Side Story, Chariots of fire, The Mission, Beauty and the Beast, The sound of music, Schindler´s List, The Lion King, Les Misérables, Mission: Impossible, Phantom of the Opera eta Les choristes bezalako film ezagunen pieza musikalak eskainiko dituzte.

Ametsa Abesbatzeko presidentea den Jokin Babazeren hitzetan, “kontzertu hau koru-musika jendeari hurbiltzeko apustua da, izan ere, kalitatezkoak izateari utzi gabe, lan guzti hauek ikuslearentzat oso gozagarriak izango dira, berehala konektatuko baitute beraiekin; eta edozein kasutan, jaietako kontzertu baten izaera primeran beteko duen emanaldi alaia izango da”.

Ametsa&Zinema ikuskizunerako sarrerak salgai daude dagoeneko, Interneten Kutxabanken bitartez, Irungo turismo bulegoan eta Amaia Kultur zentroko leihatilan, 20 eurotan. Ametsa Kultur Elkarteko bazkideek, 10 eurotan eskuratu ahal dute sarrera bat, turismo bulegora jota.

Udaleku musikalak martxan

Kontzertu berezi honen prestaketetan buru-belarri aritzeaz gain, Ametsa Abesbatza Kultur Elkarteak abian du, aldi berean, 2008 eta 2012 urteen artean jaiotako umeei zuzenduta dauden bere udaleku musikaletarako izen-emateak.

Udaleku hauetan, musika eta kantua, dantza, eskulanak eta jolasak uztartzen dira, irteerak egiten dira eta azken egunean, egindako lana erakusteko kontzertua eskaintzen dute txikiek.

Euskaraz egiten diren udaleku hauek Ametsaren egoitza dute kokaleku eta 9:00etatik 13:00erako ordutegia, uztailaren 9tik 20ra eta uztailaren 30etik abuztuaren 10era egingo diren bi txandatan.

Prezioa 70 eurokoa da Ametsako bazkideentzat eta 80 eurokoa beste guztientzat, eta familia bereko bigarren umeak %25eko deskontua dauka. Izen-ematea zabalik dago, maiatzaren 31ra bitarte, secretaria@coroametsa.org helbide elektronikoan.