Aurten ere San Telmo inguruan izango da Zuhaitz Eguna. / Hondarribiko Udala

2018ko Zuhaitz Eguna apirilaren 21ean ospatuko da Hondarribian. 23. edizioa beteko du aurten ekimenak eta azken urte hauetako gune berean ospatuko da, San Telmo inguruan.

“Iaz bezala, aurten San Telmo inguruan egingo dugu, Higer itsasargitik hurbil”, dio Kalixa Silanesek, Hondarribiko Udaleko Nekazaritza zinegotziak. “Udaletxeko Nekazaritza departamentuak antolatuta, aurten 138 izango dira landatuko diren ametzak, iazko zifrarekin konparatuz 16 gehiago”.

Jaiotako haurren artean, 71 mutilak dira eta 67 neskak, eta izen erabilienen artean ohikoenak nesken artean Laia, Malen eta June dira, eta mutilen artean Telmo, Xabier eta Aimar.

“Ekitaldia goizeko 11:00tan hasiko da”, dio Silanesek. “Ordu horretan daude deituak 2017. urtean jaiotako haurrak eta bere guraso, anai-arreba eta senideak. Urtero bezala, zuhaitz banaketak atzetik aurrera hasiko da, lehenik abendukoak eta azkenik urtarrileko haurrak. Ordu bete beranduago, 2011. urtean jaiotako haurren ordua izango da, aurten 7 urte betetzeagatik makila bana oparituko zaie eta”.