Jaiotako haurren artean, 59 mutilak dira eta 56 neskak. / Hondarribiko Udala

Iaz jaiotako 115 mutil eta nesken omenez, 2019ko Zuhaitz Eguna bihar burutuko da Hondarribian. 24. edizioa beteko du aurten ekimenak, eta azken urte hauetako gune berean ospatuko da, San Telmo inguruan.

“Iaz bezala, aurten San Telmo inguruan egingo dugu, Higer Itsasargitik hurbil”, dio Kalixa Silanesek, Hondarribiko Udaleko Nekazaritza zinegotziak. “Udaletxeko Nekazaritza departamentuak antolatuta, aurten 115 izango dira landatuko diren ametzak, iazko zifrarekin konparatuz 23 gutxiago”.

Jaiotako haurren artean, 59 mutilak dira eta 56 neskak, eta izen erabilienen artean ohikoenak nesken artean Maddi, Irati eta Ane dira, eta mutilen artean Martin, Markel eta Oier”.

“Ekitaldia goizeko 11:00tan hasiko da”, dio Silanesek. “Ordu horretan daude deituak 2018. urtean jaiotako haurrak eta bere guraso, anai-arreba eta senideak. Urtero bezala, zuhaitz banaketak atzetik aurrera hasiko da, lehenik abendukoak eta azkenik urtarrileko haurrak. Ordu bete beranduago, 2012. urtean jaiotako haurren ordua izango da, aurten 7 urte betetzeagatik makila bana oparituko zaie eta”.