400 lagun inguruk eraman dituzte beren curriculumak. / Bidasoa bizirik

Irungo eta Hondarribiko Udalek, Bidasoa biziriken bidez, Enpleguaren XXIV. Astea egin dute. Ekitaldi horretan, lana aurkitzeko aukera dute langabezian daudenek eta bilatzen ari diren profil profesionala aurkitzeko aukera ematen zaie enpresei.

Ohikoa den bezala, Ficoban egin da Enpleguaren Astearen jardunaldi garrantzitsuena. 45 enpresak 110 enplegu eskaintza eta 211 lanpostu eskaini dituzte guztira. 45 enpresa horietatik 28 joan dira azokara eta gainerakoek Bidasoa biziriken bidez aurkeztu dituzte eskaintzak.

Asko dira urtero errepikatzen duten enpresak, esate baterako, Uvesco, Alcampo edo Caser, eta hauxe adierazi dute “guretzat aukera oso egokia da bilatzen ari garen profilak aurkitzeko”. Bestalde, aurten berrikuntza gisa Bidasoa bizirikek postu bat jarri du eta bertan jaso dira bai Agentziaren beraren bai Irungo eta Hondarribiko udalen lanpostu hutsetarako curriculumak.

Enpresez gain, hainbat ETT eta Bidasoa, Plaiaundi, La Salle eta Mendibil prestakuntza zentroak ere bertan izan dira.

400 hautagai inguru aurkeztu dira lanpostuak betetzeko, curriculuma eskuan, Ficoban. Kasu honetan, ez zen beharrezkoa aldez aurretik www.elesapazio.com webgunean argitaratutako eskaintzetan izena ematea eta egokitzat hartzen zituzten enpresa guztietan aurkez zezaketen curriculuma.

Bidasoa bizirikeko presidente Miguel Angel Paezek hauxe adierazi du: “Gero eta finkatuago dago Enpleguaren astea. Gainera, azken urte hauetan haren mugaz gaindiko izaera bultzatu nahi izan dugu. Azokara gero eta enpresa frantses gehiago etortzea horren erakusgarri”.

Bestalde, Bidasoa bizirikeko presidenteorde Maria Serranok hauxe esan du: “Garrantzitsua dena da lan kontratu asko egin ahal izatea. Pertsonei lana aurkitzeko prozesu zaila errazteko eta enpresek bilatzen ari diren profilak aurkitzeko egiten dugu lan”.

Ana Jimenez izan da Enpleguaren Astean parte hartu duenetako bat: “Espero dut lan on bat eta epe luzerako aurkitzea”. Mariok, berriz, hauxe esan du: “Oso aukera ona iruditzen zait, goiz bakar batean hainbat elkarrizketa egin baititzakezu lekutik ia mugitu gabe”.

Mugaz gaindiko Enpleguaren Astea

Azken urte hauetan Enpleguaren astearen mugaz gaindiko izaera bultzatu nahi izan da. Edizio honetan, bertan izan dira Pole d’emploi delakoa eta hainbat enpresa frantses, esate baterako, Proman, edo Campanille Hotela, LouvreGroupe taldekoa, Europako hotel kate garrantzitsuenetako bat.