Ostegunetik igandera, Hondarribiko 25. Euskal Liburu eta Diska Azoka zabalik egongo da Arrantzale Auzoan. / Hondarribiko Udala

Ostegunetik igandera, Hondarribiko 25. Euskal Liburu eta Diska Azoka zabalik egongo da Arrantzale Auzoan. Euskadiko Liburu Azoken Batzordeak antolatuta, eta Udaleko Euskara Zerbitzuak lagunduta, Neguko Jardunaldien barnean kokatzen da azoka.

“Mende laurden bete du Euskal Liburu eta Diska Azokak aurten. Durangoko azoka bukatu berri da eta bertan izan diren berritasun eta eskaintza nagusienak Hondarribian izango ditugu lau egunez”, esan du Txomin Sagarzazu alkateak.

Ostegunetik igandera irekiko da 11:00etatik 14:00etara eta 16:30etik 20:30era, eta aukera haundia aurki daiteke euskal literatura eta diskagintzan. Erosketa guztiak %10eko beherapenarekin egingo dira, eta Gabonetarako opariak egiteko aukera ona eskaintzen da.

“Gainera, larunbata eta igandean, Gabonetako Merkatua izango dugu liburu eta diska azokatik oso hurbil, eta bisitarientzat oraindik eta erakargarriagoa egingo du ekimena”, esan du Sagarzazuk.

Azokan aurki daitezken autore batzuk hauek dira: Toti Martinez de Lezea, Dolores Redondo, Karmele Jaio, Jasone Osoro, Katixa Agirre, Bernardo Atxaga, Aingeru Epaltza, Fito Rodriguez, Joanmari Irigoien, Juan Luis Landa, Jon Arretxe…

Diskei dagokienez, hor egongo dira Xabi Solano, Berri Txarrak, Maider Zabalegi, Ken Zazpi, Gatibu, Mikel Urdangarin, Ruper Ordorika, Erramun Martikorena, Benito Lertxundi….”.