Peli Lekuona, Kepa Ordoko MHB elkarteko idazkaria. / Kepa Ordoki MHB elkartea

Heldu den igandean, azaroak 28, Kepa Ordokiren heriotzaren XXVIII. urteurrena beteko da. Honenbestez, Gernika Batailoiko komandantearen izena duen talde memorialistak oroimen ekitaldia antolatu du Hendaian.

Xumetasunez oroituko du Kepa Ordoki – Memoria Historikoa Bidasoan elkarteak urteurrena. Ordokiren xehetasunak ezagutzeko, bere bizia barnebiltzen duen 12 orrialdeko fanzinea banatuko da bertaratuen artean. Ekitaldia, 12etan hasiko da, Hendaiako hilerrian (Henri Barbusse karrika, 16).

Gudari zirkunstantziala

Gudari irundarra igeltseroa zen ofizioz 1936an. Klase izaera eta abertzaletasun sentimenduek bultzaturik armak hartu eta Gipuzkoa, Bizkaia eta Santanderreko fronteetan borrokan ibili zen, 24 urterekin, San Andres batailoiko kapitain gisa. 1937an, atxilotu eta heriotzara kondenatu zuten. Azkenean, exekuzio kondena hau ez zen aurrera eraman eta Duesoko presondegian atxilotu zuten.

Duesoko kartzelatik eta Gurseko kontzentrazio esparrutik ihes egitea lortu ostean, Amikuzeko ArrutaSarrikota etxera joan zen. II. Mundu Gerraren hasierarekin, Lannemezango armategietara joan zen. Hainbat urtez erresistentzian ibili ostean, Eusko Jaurlaritzaren enkarguz, Union Nacional Españolako euskal herritarrak euskal unitate militar batean biltzeko ardura jaso zuen. Zatiketa burututa, aliatuen esku gelditu zen Gernika Bataloia izeneko unitatea. II. Mundu Gerran, Atzerritarren eta Marokoarren 8. erregimentu mistoaren sartu zuten.

1945eko apirilaren 14ean, Ordokik fronte atlantikoa askatzeko agindua jaso zuen. Montaliveteko (Point de Grave) Naziak irtenarazi zituzten, Garona ibaiaren ezkerraldean.

“Balio moral eta militar” handiko ekintza honegatik, zilarrezko izarra zuen gerra gurutzea ezarri zioten eta Gernika Batailoia eta Ikurriña ohorez eta militarki agurtu zuen De Gaulle jeneralak pertsonalki. “Komandante. Frantziak ez du inoiz ahantziko euskaldunek herrialdea askatzen egindako esfortzu eta sakrifizioak”, esan zion.