Igor Enparan, Lupe Queiruga eta Estitxu Urtizberea. / Abotsanitz

EAJren aurrekontu proposamenaren kontra bozkatuko du Abotsanitz Udal Taldeak osteguneko osoko bilkuran. Osoko emendakina aurkeztuko ote duen azken unean erabaki du, plenoa prestatzeko bileran gertatzen denaren arabera. Hala ere, aurrekontu proposamena erretiratzea eskatzeko arrazoiak badaudela uste du Hondarribiko oposizioko lehen taldeak.

«Hasteko, aurten erabilitako prozedura salatu nahi dugu. Hiru aste gutxiago izan ditugu emendakinak aurkezteko eta iraila bukaeran izan genuen horren berri. Ez dugu eragileekin elkartzeko aukerarik eduki, eta udal gobernua ez da gurekin elkartu aurrekontu proposamena azaltzeko. Horrez gain, herritarren parte hartzea bilatzeko inolako borondaterik ez da egon. Aurrekontu parte hartzaileak geroz eta zabalduak dauden bitartean, Hondarribian oposizioko alderdi nagusiarekin ere ez da lantzen, zer esanik ez herritarrekin».

«Abotsanitzek, astelehenean egindako Herri Batzarran erabaki zuen udal gobernuaren aurrekontu proposamenaren kontra bozkatzea. Beste behin, gezurretan oinarritzen den aurrekontua da EAJk aurkeztu duena. Ez ditu diru sarrera guztiak aintzat hartzen, eta gastuak puztuta daude. Aurrekontuan azaltzen diren partidetako asko ez dute edukirik, ez dute proiekturik lotuta, eta horregatik urtero gertatzen da gauza bera, proiektuetako asko ez direla burutzen».

«Borondate kontua da. Hondarribiko Udalak duen arazo larriena langile-taldearen eskasia da, hain zuzen ere, proiektuak burutu gabe eta herritarrek merezi duten zerbitzua ez jasotzearen arrazoi nagusia. Plantillako hamabost lanpostu bete gabe daude, eta behin-behinekotasuna %60tik gorakoa da, legeak %8tik beherakoa izan behar dela dioen arren. EAJren aurrekontuan ez da aurreikusten ez hutsik dauden lanpostuak betetzeko, ez langileen behin-behinekotasun tasa murrizteko borondaterik.
Eta ez da diru faltagatik izango. 2019a bukatzerako 55 milioi euroko soberakina izango du udalak. Hondarribiar bakoitzari 3.200 euro zor dizkio dagoeneko, eta hurrengo urtean beste 5 milioi gehiago izango dira, 300 euro gehiago kenduko dizkiogu herritar bakoitzari».

42tik 4 onartuak

Abotsanitz Udal Taldeak 42 emendakin partzial aurkeztu ditu, askotariko arloak jorratzen dituztenak: mugikortasuna, herritarren arreta, aisialdia, bizikidetza, azpiegiturak, kultura, elkartasuna, memoria historikoa, gizarte zerbitzuak, etxebizitza… Guztira 810.818 euroko kopurua. «Ogasun batzordean lau onartu zizkiguten, 42tik lau bakarrik».

«Onartu ez dizkiguten 38 emendakinen artean honakoak daude: Kasino Zaharrean ariketa fisikoak egiteko aparatuak jartzea, bidegorri sarearen barruan eskoletarako lotura egitea, Gobernuz Kanpoko Erakundeen laguntza %0,7ra igotzea (ez da %0,5era iristen), haur parkeetako bat estaltzea… Balazta plataforman adostuta, mendiko bizikletak garbitzeko bi mangera jartzea eskatu dugu, 100 euroko partida, hori ere ukatu digute».