Aisialdiko begiraleentzako ikastaro berria

Irundar gazteentzako doako ekimen bat da. Irailaren 10etik 16ra bitartean eman dezakete izena, www.irun.org helbidean

0
201

Irungo Udaleko Gazteria Arloak jakinarazi duenez, datorren irailean, haur eta nerabeen aisialdiko begirale izateko doako ikastaro bat jarriko da martxan: aurrekontuak parte hartzearen bidez egiteko prozesuaren esparruan boto gehien jaso duten proposamenetako bat.

Santi Jiménez Gazteriako ordezkariak nabarmendu nahi izan du horrelako ekimenek garrantzitsuak direla “Irungo gazteak lanean has daitezen, eta talde horiek asoziatiboak eta hezigarriak direla, gure gazteen artean komunikazioa, lankidetza eta baliotransmisioa sustatzen baitituzte”.

Honako hauek dira ikastaroaren helburuak:

– Irungo gazteei aisialdiaren esparruan lan egiteko gaikuntza ematea eta oso lan merkatu espezifiko batean sartzeko aukera ematea. Izan ere, udalekuak, kanpamentuak, aterpeak… oso garrantzitsuak dira, askotan bertan hasten baita lan merkatuarekiko harremana.
– Hiriko gazte elkarteen sarea sendotzeko prestakuntza estrategiak jartzea martxan, gazte elkarteek hiriko haur eta gazteei balio sozialak transmititzen dizkieten aldetik.
– Aisialdiaren, hezkuntza ez-formalaren eta hezkuntza informalaren esparruan gazteen arteko esperientzia trukea sustatzea.
– Irungo gazteek elkarteetako boluntario lanean, gazte ekimenetan eta berentzako interes estrategikoa duten beste programa batzuetan parte har dezaten bultzatzea. Hezkide Eskolak emango du ikastaroa, eta, bukatzen denean, ikasleek haur eta nerabeen aisialdiko begirale izateko titulua eskuratuko dute, Eusko Jaurlaritzak homologatutakoa. Ikastaroan izena emateko, interesdunek 2022ko maiatzaren 22a baino lehen 18 urte betetakoak eta 31 urte bete gabekoak izan beharko dute, eta 2021eko irailaren 1erako Irunen erroldatuta egon.

Hona hemen ikastaroaren ezaugarriak:

Iraupena: 150 ordu teoriko eta 160 ordu praktiko. Ikastaroaren atal teorikoa 2021eko urriaren 16an hasiko da, eta 2022ko maiatzaren 22an bukatuko.
Hizkuntza: euskara.
Tokiak: 24 gehienez eta hamar gutxienez.
Lekua: Martindozenea gaztelekua (Irun), larunbatetan.
Prezioa: 0 euro.

Nola eman izena

Interesdunek irailaren 10etik 16ra bitartean eman dezakete izena aurretik, bi egun horiek barne, www.irun.org webgunean. Zozketan parte hartzeko onartuak direnen zerrenda Igazte bulegoan jarriko da jendaurrean, CBAn, irailaren 21ean eta 22an; era berean, 010 zenbakira deituta kontsultatu ahalko da, 8:00etatik 14:00etara bitartean. Zozketa irailaren 23an izango da, 10:00etan, jendaurrean, eta emaitzak hilaren 27an argitaratuko dira. Eskabide kopurua txikiagoa bada toki kopurua baino, ez da egingo zozketarik, eta izen ematea behin betikotzat hartuko da. Behin zozketa eginda, mezu elektroniko bat bidaliko zaie tokia egokitu zaien onuradunei, izena emateko orria bete dezaten, eta urriaren 8rako entregatu beharko dute, Igazte bulegoan.