Amaitutako jaien inguruko balantzea egin du alkateak. / Hondarribiko Udala

Hondarribiak atzo amaitu zituen bere jai nagusiak. Lehen ekitaldiak abuztuaren 31n hasi ziren eta azkenak atzo amaitu ziren, Et incarnatus taldearen kontzertuarekin eta su artifizialekin. “Jaietako programan zeuden ekitaldi guztiak burutu egin dira, oso parte hartzaileak izan dira eta giro onean. Zentzu horretan balorazio oso positiboa egin beharrean gaude”, esan du Txomin Sagarzazuk, Hondarribiko alkateak.

“Aipatu nahiko nuke Udaltzaingoak eta Txingudiko Zerbitzuek egin duten lana egunotan. Etengabe egon dira herrian zehar gau eta egun. Zoriontzeko modukoa. Denetara 14 atestatu egin ditu Udaltzaingoak irailaren 1etik 11ra, gehienak lapurretengatik. Gaur goiza bitarte, ez dugu inolako eraso sexisten salaketarik jaso eta hori beti da pozgarria. Txingudiko Zerbitzuei dagokienez, herritarra konturatu da zer nolako lana egin duten herria garbi edukitzeko uneoro”.

Jaietako ekitaldiei dagokienez, “aipagarria da adin guztietako jendeak hartu duela parte eta hori gauza ona da. Orohar eguraldiak lagundu egin du eta pozik egoteko moduan gaude jardueren antolamendu eta partehartzearekin. Ama Guadalupekoak irailaren 8an Kontxako bandera irabazteak poza handitzea lortu zuen gainera, eta memorian gordetzeko moduko irudiak bizi izan ziren”.

“Ekitaldietan, aipagarria da Musika Bandari egindako urrezko intsignia ematearen ekitaldia; aurten ere hainbat talderen kontzertu onak izan dira eta aipatzeko modukoa da adibidez atzoko Et Incarnatus-en emanaldia, Bentako eremua txiki geratu baitzen eta jendea oso gustora geratu zen” erantsi du Sagarzazuk.

“Amaitzeko, eskerrak eman nahi nizkieke laguntzen aritu diren guztiei, bai Kultura Departamentuari, Udal Brigadari, Ertzaintzari, bai Ekialdebusi, bai Gurutze Gorriari, bai DYAri eta bai laguntzen aritu diren guztiei, lan handia egin baitute, eta gehienek gozatzen duten bitartean beste jende asko buru-belarri aritzen baita lanean; eskerrak eman behar dizkiegu”.

“San Pedro eta Butroi pasealekuko eraso sexistarik gabeko eta alkoholemia prebentiboaren guneek oso ondo funtzionatu dute, herritar asko hurbildu dira bertara. Ikerketa sakonago baten zain, ia 800 pertsona interesatu atenditu zituzten”.

Aurrerapausua bizikidetzan

Txomin Sagarzazu alkateak esan duenez, “iaz hilaren 8an bizikidetzan izandako zailtasunei aurre egin zaie eta nik uste positiboki hartzeko modukoa dela. Bizikidetzan hobekuntza nabaritu da eta eta benetan hobekuntza hortan aktiboki parte hartu duten guztiei eskerrak eman nahi dizkiet”.

“Bide honetan modu aktiboan jarraitzea eskatuko nuke, eta adierazi nahi dut gure konpromisoa norabide horretan doala, udal talde guztiek jaien haseran adierazi genuen moduan, elkarrizketa errezteko emandako pausoetan aurrera egiteko unea da eta”.