Txomin Sagarzazu, Hondarribiko alkate eta Arma Plaza Fundazioa Patronatoko presidentea. / Arma Plaza

Euskara ulertzen duten hiztunen arteko hizkuntza ohiturak aldatzeko Euskaraldia ariketa sozialaren barruan, Arma Plaza Fundazioa Arigunea izango da aurtengoan.

Arma Plaza Fundazioak, Hondarribiko euskara guztion artean jorratzeko eta zabaltzeko helburuarekin eta bide batez, euskara aberastuz eta indartuz, Hondarribiko euskaran murgil zaitez! liburuxka prestatu du.

Bertan, aktibitate ezberdinak daude, hala nola, hizki zopa, galdera sorta bat, hitz gurutzatuak eta abar. Ariketak familia artean egiteko pentsatuak daude, baina euskara ikasteak adinik ez du, beraz, guztiak parte hartzera gonbidatzen zaituzte.

Euskaraldia irauten duen epe berdinean, azaroak 20tik abenduak 4ra, Hondarribiko euskaran murgil zaitez! liburuxka Arma Plaza Kultur eta Turismo Informazio Gunean, Portu Auzoko Turismo Bulegoan, Udal liburutegian, Sokoa liburu-dendan, Artzu liburu-dendan eta Endanean eskuragarri egongo da. Arma Plaza Fundazioko web-orritik ere deskargatu ahal izango da: armaplaza.eus/eu.

Arma Plaza Fundazioak erantzunak asmatzen dituzten pertsonen artean Margotu Hondarribia liburuaren 20 ale zozketatuko ditu. Liburuen zozketan parte hartu nahi duenak, abenduak 4a arte erantzun orria helarazi beharko du armaplaza@armaplaza.eus helbidera bidaliz edo Arma Plaza Kultur eta Turismo Informazio Gunean utziz. Erantzun orria liburuxkarekin batera banatuko da.

Behin Euskaraldia amaituta, erantzunak www.armaplaza.eus/eu web-orrian argitaratuko dira.

Informazio gehiago: www.armaplaza.eus/eu edo 943 64 46 23 telefono zenbakian.