Arteaz disfrutatzeko aukera Mendi Zolan kultur gunean

Monique Gaudion eta Nelly Picabea kideen lanak ikusgai izango dira irailaren 27tik urriaren 7ra

0
1346

Aurten Haize Hegoa elkarteak bi artisten obrak aurkezten dizkigu: Monique Gaudion eta Nelly Picabea kideen lanak ikusgai izango dira Mendi Zolan kultur gunean irailaren 27tik urriaren 7ra. Biak 2008an iritsi ziren lehen aldiz Hendaiako margolarien elkartera.

Monique Gaudioni txikitatik gustatzen zaio marraztea. Lizeoa bukatzean Arte Ederren eskolara joan nahi zuen baina familiak optika eskolara joatea lehenetsi zuten. Orain, erretreta harturik, arkatzak eta pintzelak berriz atera ditu eta Urruña zein Hendaiako margo eskoletako partaide da. Ur margoekin hasi, olio margoekin segi eta marrazkiak, pastel lanak edota collageak ere egiten ditu gustukoen dituen bazterrak, natura edota animaliak irudikatzeko.

Nelly Picabeak biziki gustuko zuen marraztea, pintatzea eta koloreek liluraturik zuten. Hamar eta hamabost urterekin irabazi zituen sariek indartu zuten artearekiko zaletasuna. Orain erretretan, berriz ekin dio betiko zaletasun horri. Baionako Arte Ederren eskolan klaseak hartu ditu, baita ere Donibane Lohitzune, Urruña eta Hendaiako margo eskoletan. Momentuko gogoaren edo inspirazioaren arabera margotzen du; antzerkia, dantza, kirola edota sukaldaritza gustuko ditu.

Bi artistek sari ezberdinak jaso dituzte jadanik eta elkarrekin margotzeko eta erakusketak antolatzeko parada izan dute ere.