Silanes eta Zendoia. / Hondarribiko Udala

Hondarribiko Udala eta Behemendi Elkartearen artean egiten duten liztor beltzaren aurkako kanpainaren ondorioak aurkeztu dira gaur Puntaleko haur parkean egin den prentsaurrekoan. Han izan dira Kalixa Silanes Ingurumen zinegotzia eta Mikel Zendoia, Behemendi Elkarteko ordezkaria. Aurten, 18 tranpa jarri dira hirian zehar eta 1357 liztor beltz harrapatu.

“Badira hiru urte halako lanetan gabiltzala Udala eta Behemendi Elkartea. Tranpak jartzearen helburu nagusia ondorengoa da: ahal den liztor erregina fundatzaile gehienak harrapatzea, horretarako tranpak eta erakargarriak erabilita. Erregina fundatzaile hauek egingo dituzte gero ikusgarriak diren kabi haundi horiek”.

“Garrantzitsua da, oso, aurretik aipatzea tranpak erabiltzeko, ingurumenaz arduratzen den Gipuzkoako Foru Aldundiari baimena eskatu behar zaiola eta hala egiten dugula. Baimenik gabe ezin da tranparik jarri”.

“Hiritarra nahitaez Udaltzaingoarekin kontaktuan jarri behar da 943 11 13 13 zenbakian kabi bat ikusten duenean. Hirian eta landa eremuetan 18 tranpa jarri dira aurten. Kanpaina martxoaren 9an hasi zen eta apirilaren 28an amaitu genuen. Denetara 1357 liztor beltz harrapatu dira, 186 liztor kabroa eta 176 liztame. Gure helburua hiritarrari segurtasun eta lasaitasun handiena ematea da, horregatik egiten ditugu lan hauek eta horregatik ematen ditugu gaur aditzera ondorioak”, gehitu du Silanesek.

Kontu handiarekin egindako lanak

“Tranpa horiek erabiltzekoan kontuz ibili behar da; izan ere, liztor beltzaz gainera, beste intsektu asko ere harrapatzen direlako. Tranpa oso eraginkorra da, harrapatzen den erregina bakoitzeko habia bat kentzen ari baikara urte horretako kanpainan.

Maiatzetik aurrera, erreginak ez dira gehiago ateratzen habitik (langileak ateratzen dira); beraz, ez dira erortzen tranpetan; horregatik, ez da batere gomendagarria aipatutako garaietatik kanpo tranpak jartzea”, esan du Mikel Zendoiak.

“Gure brigadarekin lan egiten dugu, eta habiaren kokapenagatik oso zaila bada heltzea, Aldundiko Suhiltzaileak sartzen dira proiektuan, hala daukagu adostuta protokoloan”, amaitu du Zendoiak.

Tranpak jarri diren tokien artean, Puntala auzoa, Domingotxoenea, Marisantzenea, Higer Bidea, Bixkundi, Bidasoa pasealekua, Arkolla, Jaitzubia edota Jaizkibel Etorbidea aipa daitezke.