Proposamena abenduaren 30ean gauzatuko den osoko bilkuran eztabaidatuko da. / Kepa Ordoki Memoria Historikoa Bidasoan elkartea

“Lluís Companys i Jover president katalanari aitorpena” ekimenaren bitartez, Avenida zubiaren modulu bat Kataluniara bidaltzea eskatu du Kepa Ordoki-Memoria Historikoa Bidasoan elkarteak. Proposamena abenduaren 30ean gauzatuko den osoko bilkuran eztabaidatuko da. Baita ere, Avenida zubian, presidentaren deportazioa eta entrega oroitarazten duen euskarri bat ezartzea eskatu du talde memorialistak.

2020an, 80 urte bete dira Lluís Companys-en deportazio eta erailketaz. Irunen izan zen presidentaren bukaeraren abiapuntu, Pedro Urraca agente frankistak 1940ko abuztuaren 29an Avenida zubian entregatu zuenean. Elkarteak presidenta eta irunen lotura aldarrikatu du ekimenean. Companysentzat sarrera zubi izan zena hamarnaka bidasotarrentzat irteera zubia izan zen lau urte lehenago. Hauetariko askok babesa eskuratu zuten Bartzelona zein Katalunian. Hori dela eta, katalunian egondako hainbat errefuxiatu bidasotarren eta hauek bideraturiko proiektuen erreferentziak topa daitezke ekimenean:

“1940ko abuztuaren 29an sarrera zubi izan zena, irteera zubi izan zen 1936ko irailean. Bertatik irtendako gehiengo handi batek Bartzelona eta Katalunian topatu zuten babesa. Horretarako, 1936ko urriaren 18an, Kataluniako gobernuak “Comité central d ́ajut als refugiats” batzordea eratu zuen. Erakunde honek kudeatu zituen hamarnaka bidasotarren lekualdatzeak eta elikadura, osasun, bizileku beharrak zein familien elkartzeak. 1937ko abuztuan, 13.000 errefuxiatu irundar batu ziren Bartzelonan. Horren adibide dira, Ramon Auz irundarrak sorturiko Euzkadi en Catalunya egunkaria, irungo errefuxiatuen komunitateari jarraipena emanez, edo Benito Bodaren alkatetza, Irun, Hondarribia, Errenteria, Lezo, Altza, Hernani, Astigarraga, Urnieta, Oiartzun, Usurbil eta Oriako bizilagunak ordezkatuz. Instantzia politiko apalenetatik altuenetara, Jose Antonio Agirre Lekubek zuzenduriko Jaurlaritza barne, artatu zituen Lluís Companysek.”

Ekimenaren zioetan, Companysek Arbaolen atxilotua izan ostean jasandako errepresioa ere kontuan hartzen du. Hala nola, La Santé edo Puerta del Sol-en jasandako torturak, Frantzia eta Espainia arteko deportazioa, Gerra Kontseiluan jasotako heriotza zigorra edo urriak 15eko fusilaketa Montjuic-en.

Kepa Ordoki-Memoria Historikoa Bidasoan elkartearentzat, “taxuzkoa” da Lluís Companys i Joverek irunekin izandako lotura oroitaraztea. Baita ere, bertan jasan zituen urraketekiko “sentiberatasuna adieraztea”.