Kultur Etxeko Areto Gelan Eskolako Agenda 2030 foroa elkartu berri da, ikasturtean zehar egin duten lana Udal ordezkariei azaldu eta prestatu dituzten galderak aurkeztu eta erantzunak jasotzeko. / Hondarribiko Udala

Kultur Etxeko Areto Gelan Eskolako Agenda 2030 foroa elkartu berri da, ikasturtean zehar egin duten lana Udal ordezkariei azaldu eta prestatu dituzten galderak aurkeztu eta erantzunak jasotzeko. Udaletik Txomin Sagarzazu alkatea eta Kalixa Silanes Ingurumen eta Hezkuntza zinegotzia egon dira. Aforo kontuak direla eta, Kultur Etxean egin da ekitaldia.

“Ama Guadalupekoa ikastetxea, Egiluze ikastetxea, Talaia Eskola eta Talaia Institutua, Bidasoa-Txingudi eskualdeko beste hainbat ikastetxerekin batera, Eskolako Agenda 21etik Eskolako Agenda 2030era pausoak ematen ari dira ikasturte honetan zehar. Aurten landu den gaia basoa izan da”, esan du Kalixa Silanes zinegotziak.

“Eskolako Agenda 2030en bidez 2015 urtean mundu mailan onartu ziren Garapen Iraunkorrerako helburuak bere egin eta ikastetxeen egoerara moldatu dituzte, hezkuntzaren arlotik ere garapen iraunkorraren alde egin daitekela uste baita. Izan ere, Hondarribiko ikastetxeek 13 urte daramatzate eskola mailan garapen iraunkorraren aldeko programa honetan murgilduta”.

“Horrela, ikasturte honetan, aurreko ikasturteetako ohiturari jarraituz, gai bat aukeratu dute, ‘Basoak’ izan dena lehen aipatutako Garapen Iraunkorrerako. Egin zizkiguten galderei erantzun genien, eta denek asko ikasi genuela uste dut. Oso ekitaldi polita da urtero egiten duguna, eta datorren urterako espero ditugu berriz”.