Ficoba.

Beste urte batez, Be Veggie jaialdiak begano, flexibegano eta begetarianoen interesa piztu du, baita kontsumitzeko modu eta bizimodu berrien bila dabiltzanena ere.

Ia 5.000 pertsonak parte hartu dute jaialdian, eta % 50ek begano, flexibegano edo begetarianoak direla esan dute; beste %50, berriz, orojaleak ziren.

Bisitari gehienak gipuzkoarrak ziren: % 78; % 7, berriz, Frantziako hego-mendebaldekoak; % 12, Euskadiko beste lurraldeetakoak eta Nafarroakoak; eta % 4, Estatuko beste lurraldeetakoak.

Bisitarien adinari dagokionez, % 14 25 urtetik beherakoak ziren; % 22, 26 eta 35 urte bitartekoak; % 31, 36 eta 45 urte artekoak; eta gainontzekoak, 45 urtetik gorakoak. Alegia, bisitariak gazteak ziren nagusiki, bizimodu beganoaren alde gazteak egiten ari diren adierazgarri.

Bestalde, txakurrek Be Veggie jaialdian parte hartu ahal izan duten lehenengo edizioa izan da hau, eta ekimenak oso harrera ona izan du: 100 txakur zenbatu dira, bisitariek beren familiek (nolanahikoek) jaialdiaren esperientzian parte har dezaten nahi duten adierazgarri.

54 erakusketarik parte hartu dute: % 45 Euskadikoak eta Nafarroakoak ziren, eta % 55, Estatuko beste autonomia erkidegoetakoak eta Frantziakoak, hala nola Madril, Katalunia, Gaztela eta Leon eta Valentziako Erkidegokoak. Erakusketariak jatorri % 100 begetaleko elikagai eta edarien enpresak ziren nagusiki: 23. Hamalau, berriz, kosmetika eta osasun sektorekoak ziren; bederatzi, santutegi eta elkarteak; lau, ehungintzaren eta osagarrien sektorekoak; eta gainontzekoak, turismoaren eta animalientzako elikagaien sektoreko enpresak eta instituzioak.

54 erakusketarien % 96k adierazi dute gustura edo oso gustura gelditu direla jaialdiarekin, eta % 89k, hurrengo edizioan parte hartzeko asmoa dutela.

Mugikortasun ohiturei dagokienez, jaialdian parte hartu dutenetako askok garraiobide jasangarriak baliatu dituzte: % 39 oinez, bizikletan edo garraiobide publikoetan joan dira. Ehuneko polita da hori, baina oraindik ere oso handia da autoa darabiltenen kopurua.

Elikadurak ingurumenean duen eraginari buruzko landa azterketa bat egin da Be Veggie jaialdian

ProVeg International elikadura gaien inguruko kontzientzia pizteko eta animalien munduko kontsumoa murrizteko lan egiten duen antolakunde bat da, Be Veggie antolatzen lagundu duena, eta, jaialdiak iraun duen bi egunetan, elkarrizketak egin ditu, jakiteko zenbateraino, kontzientziatuta dauden aldetik, parte hartzaileek badakiten zer-nolako eragina duen gure elikadura ereduak Lurraren osasunean.

Bada, landa azterketa horren ondorioen artean, bereziki nabarmentzekoa da munduan urtean sakrifikatzen den animalia kopuruaren gaineko ezjakintasuna: oro har, jendeak uste du milaka eta milioika animaliaren artean sakrifikatzen direla, baina, egiaz, urtean 75.000 milioi sakrifikatzen dira. Kopuru handi horrek parte hartzaile guztiak hunkitu eta zirraratu ditu, are gehiago kontuan izanik animalia lehortarrak bakarrik hartzen dituela barnean; izan ere, hainbeste animalia itsastar daude, non tonaka bakarrik kalkulatzen diren.

Era berean, elkarrizketatutakoek badakite elikadura begetala jasangarriagoa dela, baina ez dakite batez besteko dieta orojaleari utzita eta elikadura % 100 begetala aukeratuta karbono dioxido isuriak % 71 gutxitzen direla.

Gainera, parte hartzaileak asko harritu dira jakin dutenean zenbat ur aurreztu daitekeen batez besteko dieta orojaleari utzita eta elikadura % 100 begetala aukeratuta: eskatu zaie pentsa zezaten zenbat aldiz tiratu lekiokeen komuneko ponpari astebetean aurreztuko luketen ura kontuan izanik, eta, oro har, gehienek oso-oso gutxitan tiratu lekiokeela esan dute, zifra bakarreko zenbakiak eman dituzte; alabaina, egiaz, 514 aldiz tiratu lekioke.

Azkenik, bada beste datu aipagarri bat: oro har, haragi ekologikoa industrialki ekoizten den haragia baino jasangarriagoa delakoan gaude, eta, beraz, jendea nahiko harritu da jakin duenean lurzoru eremu handiagoa behar dela haragi ekologikoa ekoizteko (% 42 handiagoa) eta haragi ekologikoaren ekoizpenak karbono dioxido isuri gehiago eragiten dituela haragi industrialarenak baino (% 28 gehiago).

Nolanahi ere, bada datu positibo bat: elkarrizketatutako gehienek badakite elikadurak ingurumenean duen eraginari buruzko ezagutza eskasa dela, eta onartzen dute kontzientziazioa eta heziketa beharrezkoak direla eta beharrezkoa dela elikadura begetala krisi klimatikoaren kontrako konponbideetako bat dela aitortzea; ondo iruditzen zaie.