Cristina Laborda, Obra arloko ordezkaria. / Irungo Udala

Irungo udaleko Obra arloak jakinarazten du urriaren 28ko astetik aurrera hasiko direla Juan Thalamas Labandibar eta Dario de Regoyos kaleen arteko oinezkoen arrapalako obrak eta horma egonkortzekoak.

Lan honek jarraipena emango die horma horretan bideratutako jarduerei, denboraren joanean eta azterlan batzuk eginda deformazio batzuk hauteman baitziren hormaren egituran. 2017an hegala desagerrarazi zen hura kenduta arrapala arinagoa izan zedin, hormigoi armatuzko hegal horrek pisu handia eragin ziezaiokeelako hormari eta hormetan arrakalak azaldu baitzitezkeen.

Cristina Laborda ordezkariaren arabera “denbora daramagu hormari erreparatzen eta haren bilakaera neurtu ahal izateko kontrol neurri batzuk aplikatzen. Neurri horiek aztertuta ondorioztatzen da ezinbestekoa dela lan hau burura eramatea hormaren egitura egonkortzeko”.

Proiektuaren deskribapena

Egun bi kaleen arteko oinezkoentzako lotura ahalbidetzen dute arrapalak eta eskailerek, Dario de Regoyos kaleko 9,78ko kotatik Juan Thalamas Labandibar kaleko 4,17ko kotara arteko aldea gainditzen dute, eta sarrera egiten diete Juan Thalamas Labandibar kalean, GI-636 errepidearen oinetan, dagoen autobus geltokiari eta kalearen beste aldean, Behobia eta Hendaiarekin uztartzen diren oinezkoen pasealekuari eta bizikleta bideari.

Hormaren eta goiko espaloiaren desplazamendu txiki batzuk hautemanda, eta hainbat aukera aztertu eta gero, hormaren zati bat eraisteko eta oinezkoentzako bideak berreraikitzeko erabakia hartu da. Hasteko, egungo hormaren gibelaldean, paldo txiki-txikien bidezko pantaila bat altxatuko da, ainguraketarik gabe, goiko lurraren presioari eusteko eta luiziak saihesten laguntzeko.

Jarraian ezponda bat induskatuko da egungo lur eremuari atxikita egitura sendoago oinarritzeko, eta euskarri horren gainean berreraikiko dira arrapala eta eskaileretako hormak. Horma egonkortzeko lan horiek burura eraman ahal izateko ezinbestekoa izango da hormaren muturrean dauden zuhaitz gutxi batzuk botatzea.

Urbycolan, S.L. enpresak egikarituko du proiektua, gehienez ere 9 hilabeteko epean, eta 610.858,37 eurokoa da aurrekontua.

Markesina berria

Lan horiek burura eraman ahal izateko, itxi egingo dira arrapala eta eskailerak, eta ondorioz, ez da Juan Thalamas Labandibar kalean dagoen ikasleentzako autobus geltokira iristerik izango.

Geltoki hori Dario de Regoyos kalera aldatuko da, kaleko 30. zenbakiko atarira iritsi baino lehen dagoen zeharkako aparkalekura, autobus geltokiarentzako tarte bat bereiziko da han. Geltokia lekuz aldatuta, autobusak beste bide bat egingo du, Dario de Regoyos kaletik ibiliko da, eta beraz ez da igaroko Juan Thalamas Lanbandibar kalean, Azken Portu kiroldegiaren parean, dagoen beste geltokitik. Geltoki hori Dario de Regoyos kaleko 4. zenbakiaren pareko geltokira aldatuko da, hiriko L1 lineako autobus geltoki berera.

Datorren asteartean, urriaren 29an, erabiliko dira lehenengo aldiz geltoki berri horiek, obrek irauten duten bitartean baliatuko dira, eta aurreikuspenen arabera 9 hilabete iraungo dute lanek. Lanak amaitzean beren jatorrizko lekuetara aldatuko dira geltokiak, eta markesina bat instalatuko da. Cristina Labordak azpimarratu duenez, “seme-alabak eskola garraioaren geltoki horretara eramaten dituzten gurasoek egindako eskaera da, eta aintzat hartu da proiektuan. Hiri alde horretan hobekuntza nabarmena da inolaz ere, euri eta haizeetatik babestuko baititu autobusaren zain daudenak”.