Serrano eta Páez. / Bidasoa bizirik

Irun eta Hondarribiko udalek, Bidasoa bizirik-en bidez, eskualdeko Lanbide Heziketako ikastetxeek (Bidasoa, Plaiaundi, La Salle eta Mendibil) eta Tknika LH Euskadiko Ikerketa Aplikatuko Zentroak, ‘Aukerak Ereiten’ lehiaketa antolatu dute, maiatzean ospatuko den Bidasoa Eskualdeko Lanbide Heziketako Zentroen Pertsona Ekintzailearen Eguna dela eta.

Lehiaketa honen helburua da LHko zentro horietan egiten den lana baloratu eta zabaltzea, eta espiritu ekintzailea eta ekintzailetza sustatzea. “Aurten ere ikastetxe horiekin lankidetzan aritu nahi izan dugu, ikasleen artean espiritu ekintzailea sustatzeko. Gaur egungo egoera dela eta, aurten eslogan motibatzaileen lehiaketa antolatu dugu, ikasleek jarrera ekintzaile hori pandemiaren ondoriozko krisi soziala eta ekonomikoa gainditzen laguntzeko jarrera baliagarri eta eraginkor gisa ikus dezaten”, azaldu du Miguel Ángel Páez Bidasoa bizirik-eko lehendakariak.

Bidasoa bizirik iksaturte hasieratik aritu da ikastetxeekin elkarlanean, eta hau Espiritu Ekintzailea Sustatzeko Programaren barruko beste ekintza bat da. Orain arte, ekonomia zirkularreko negozioen eredu-diseinurako metodologien bidez, ekintzailetza sustatzen lan egin da. Oraingoan, COVID19 faktorea sartuko da sormena pizteko osagai gisa.

“Proiektu oso interesgarriak garatu izan ditugu urtero ikastetxe hauekin, eta beti ikusten dugu potentzial izugarria dagoela gure inguruan. Beraz, ikasleak lehiaketan parte hartzera animatu nahi ditut, beste behin ere, eskualdean jende oso trebea dagoela erakusteko”, esan du María Serranok, Bidasoa bizirik-eko lehendakariordeak.

Parte hartzeko baldintzak

18 urtetik gorako gazteek parte hartu ahal izango dute 2 eta 4 parte-hartzaile bitarteko taldeetan, baldin eta gaur egun eskualdeko LHko zentroren batean matrikulatuta badaude eta ikasketak egiten ari badira (CIFP Bidasoa LHII, IES Plaiaundi BHI, CPIFP Irungo La Salle LHIPI, CPES Centro de Formación Mendibil BHIP prestakuntza-zentroa).

Diseinuari dagokionez, eslogan original, sortzaile eta burutsu bat aurkeztu beharko da, egungo krisi sozial eta ekonomikoan espiritu ekintzailea sustatzeko mezu batekin, Bidasoa-Txingudi eskualdeko ekintzaileei eta enpresei zuzendua.

Esloganarekin batera, gehienez 60 segundoko irudia edo bideoa bidali beharko da, igortzen duen mezuarekin bat.

Berdintasunaren, diskriminaziorik ezaren edo pertsonen oinarrizko eskubideen balioak errespetatzen ez dituzten mezuak eta/edo irudiak dituzten lan guztiak lehiaketatik kanpo geratuko dira.

Proposamenak formatu digitalean aurkeztuko dira eta mailto:ekintzailetza@bidasoa-activa.com helbidera bidali beharko dira 2021eko maiatzaren 7ko 24:00ak baino lehen.

LHko ikastetxe bakoitzeko talde irabazleentzako sari gisa, bi orduko talde-saio bat ezartzen da, Paddle surfaren hastapenetarako.