Jon Azkue. / Arrate Morales

Bidasoa Irun (7+15) 22: Sierra, Crowley (1), Odriozola, Aginagalde (2), Salinas (8, 1 p.), De la Salud (1), Azkue (3); Ledo, Cavero (2), Racotea (3), Zabala, Serrano, Tesoriere (1), Da Silva, Nieto, Bonanno.

Logroño (12+9) 21: Rangel, Sánchez-Migallón (1), Dorado (3), Casado (2), Serradilla (1), Eduardo Cadarso (4, 1 p.) David Cadarso (1); Pérez, Pina, Balenciaga (2), Goñi, Moreira (7), Ortiz, Hackbarth.

Partzialak: 1-2, 3-5, 3-8, 4-8, 4-10, 7-12; 10-14, 12-16, 15-18, 17-18, 20-19, 22-21.

Epaileak: Rafael Alberto García Mosquera eta Alberto Rodríguez Rodríguez. Bi minutuz Racotea (birritan), Salinas eta Cuétara kanporatu dute; eta errioxarren aldetik, Sánchez-Migallón (birritan) eta Edu Cadarso.

Bestelakorik: Sacyr ASOBAL Ligako 23. jardunaldia Artalekun, ateak itxita Eusko Jaurlaritzak pandemiaren egoeragatik horrela aginduta.

Bidasoa Irunek meritu handiko bi puntu eskuratu ditu Logroño La Riojaren aurka neurketa irauli ostean (22-21). Lehen zatia bereziki gogorra izan da, lehen aldea arratsaldeko goleatzaile nagusiaren eskutik, Rodrigo Salinasen eskutik, irundarren aldekoa izan arren. Zazpi eta bederatzi minutuko tarte banaz baliatuz, talde errioxarrak 4-8 jarri da aurretik 17. minutuan; eta hortik sei minututara, 4-10. Lehen zatiaren amaierak jarraitu beharreko bideari argiak piztu dizkio, eta aldea bost golekoa izan da atsedenaldian (7-12).

Bigarren zatian, ordea, neurketa berdintzen joan da, eta nahiz eta talde errioxarrak Bidasoa Irunen lehen hurbiltze saiakerei ongi erantzun (9-12tik 9-14ra, 34. minutuan), Jacobo Cuétarak entrenatzen duen taldeak tartea higatzen joan da. Ia 25 minutu zituen aurretik helburua lortzeko eta pixkanaka joan da bidea egiten. Hamabost minutu faltan lortu dute errioxarrek lau goleko azken errenta, baina Racotearen bi gol eta Zabalaren beste baten bitartez, 17-18koa suposatu dute. Hiru minutura, 50.ean, Salinasek sartu du berdinketaren gola zazpi metrotako marratik.

Gol gutxiko neurketa izanik, atezainek zeresana izan dute, eta Bidasoa Irunen aldetik José Manuel Sierra izan bada fin hasi dena, bide beretik amaitu du partida Xoán Ledok, defentsa irundarrari haize emanez. Jon Azkueren gol batek jarri du taldea aurretik 54. minutuan (20-19), Julen Aginagalde ireki du tartea 21-19 hiru minutu eskas faltan, eta Sergio de la Saludek itxi du garaipena Ledoren azken geldiketarekin batera (22-21).

Bidasotarren hurrengo neurketa larunbat honetan izango da, Nava de la Asunciónen Viveros Herol Navaren aurka (12:00etan, Gol TV).