Larunbatean ospatuko da Bikingo Eguna. / Hondarribiko Udala

Larunbata honetan ‘FederArte BIKINGO EGUNA’ ospatuko da Hondarribian. Aurkezpena Udaletxeko Areto Nagusian burutu da, eta han izan dira Kalixa Silanes Udaleko Kirol zinegotzia, Maialen Saez Gipuzkoako Surf Federazioko presidentea, Iñaki Navascues Hondarribia HS2 Surf Klubako presidentea eta Alvaro Turrion, Katapulta Tour Gipuzkoako ordezkaria.

“Ekainaren 12an izango da Hondarribian, hirugarren edizioarekin” esan du Kalixa Silanes zinegotziak. “10 urte baino gehiago daramatza surfeko ospakizun herrikoia izaten, eta orain dela hiru urte indartu egin zen orduko proba tradizionala ‘FederArte SURFING KULTURA’ jaialdi-zirkuituari gehituta. Udaletik antolatu eta laguntzen ditugun ekimen desberdinak aberastera dator, beti ere abian dauzkagun osasun neurriak beteko direlarik”.

Konpetizio ugari eta zuzeneko musika

Iñaki Navascuesek eskerak eman dizkio Udalari. “Hondarribiko Udalaren laguntza ezinbestekoa izan da ekitaldia bideragarria izan dadin. Osasun neurriak jarraituz, nik uste jardunaldi ederra izango dugula larunbatean. Izen-emateak insitu izango dira arratsaldeko 3etatik aurrera. SUP inklusiboa, Txiki Sup, Surf Skate eta Surf Race modalitateak izango ditugu, eta arratsaldeko 19:30ean, sari banaketa.

20:00etatik, Katapulta Tour Gipuzkoari esker, bi kontzertu egongo dira Soroetako frontoian, ‘Aigoy’ eta ‘J. Largo’ musikarien eskutik. Sarrerak ohiko bideetatik salduko dira, 3 eurotan.

Maialen Sáez Gipuzkoako Surf Federazioko lehendakari eta Euskal Herriko Surf Federazioko lehendakariordeak azaldu duenez, “Surfa, bere kultura, inklusioa, berdintasuna eta ingurumenaren zaintza dira FederArte Surf KULTURA jaialdien zirkuituaren ardatz nagusiak. Horrela, txapelketek eta jaialdiek Federazioa ordezkatzen duten balioen berri ematen dute. Zalantzarik gabe, kirol inklusiboa Hegoaldeko komunitatearen lotura altruistena bihurtu da”.