Xabi Lopez eta Oihana Lekuona. / Blagan Euskara Taldea

Xabi Lopez eta Oihana Lekuonaren kontzertua izango da datorren maiatzaren 3an, 20:00etan, Kultur Etxea, Blagan Euskara Taldeak antolatuta. Xabi Lopez eta Oihana Lekuona Mikel Errazkin musikari eta konpositore hondarribiarrari esker ezagutuko zuten elkar, mikelerrazkin&HF pop intimista estiloko proiektuan gitarrajole eta abeslari arituaz. Ordurako Xabik Beti Mugan taldean izandako esperientzia zekarren ekipai modura. Ondoren, eta berriro ere Mikel Errazkinen eskutik, Lantz euskal folk estiloko proiektuan berriro elkartu ziren. Aurrerago, Xabik euskal itsas paisaietako kantuak berreskuratzen zituen Tadusak taldean parte hartu zuen bitartean, Oihana Kirkit Ensemble a capella laukotean ibiliko zen.

Oraingoan, ahotsa eta gitarra lagun, geltokiz-geltoki doan proposamena luzatzen digute, euskal kantagintza modernoa bidailagun nagusi harturik, herrialde ezberdinak zeharkatuz.

Trenbidea burdinbide bat da; bidaiariak zein zama garraiatzeko diseinaturiko altzairuzko gidaria. Trenbidean trena doa, zehaztasun osoz markaturiko ibilbide baten morroi.

Gure trenaren egitaraua ez da zehatza, ez dago aldez aurretik markaturik. Bidailagunak, zamak, arinkeriak, pozak, iluntasunak eta batek daki zer auskalo-mauskaloak daramatzan bere altzairu gainean. Helmuga non ote dagoen ere ez dakigu baina gure bidaia Transiberianoa baina luzeagoa da. Geltoki bakoitzean kantu bat edo beste topatzen ditugu eta hantxe geratzen gara beraiekin denbora batez. Zenbaitetan maletan sartzen ditugu eta hurrengo geltokira datoz gurekin, bestetan aldiz, zeuden lekuan geratzea erabakitzen dute eta aio esaten digute lehioaz bestalde, gure trena enegarren aldiz abiatzen den bitartean.