Dakar izango da aurten hiri gonbidatua. / Hondarribiko Udala

Osteguna, ostirala eta larunbatean V. Ondareen Hondarribia Foroa burutuko da Hondarribian. Arma Plaza Fundazioak eta Hondarribiko Udalak antolatua. Aurkezpena gaur burutu da Arma Plazan eta han izan dira Kalixa Silanes, Kultura zinegotzia eta Arma Plaza Fundazioko patronatoko presidente-ordea, Suzanne Badiane eta Mapate Ndiaye Senegaleko sukaldaritza tradizionalean adituak diren sukaldariak, baita foroaren garapenean laguntzen duten hainbat sukaldari eta elkarte ere.

“Helburu nagusiena, Hondarribiaren historian eta bizimoduan harresiek izan duten eraginaren inguruko hausnarketa bat burutzea da”, dio Kalixa Silanesek. “Hiri gonbidatua Dakar izango da, Senegaleko hiriburua, eta hitzaldiak, jardunaldiak, gastronomia ekimenak eta gauez harresietara egingo den bisita gidatua dira hitzordu garrantzitsuenak. Bosgarren urtez, gure ondarea balioan jartzeko asmotan Ondareen Foroa antolatzen dugu. Alde batetik, harresien izaeraren eta esanahiaren inguruko ikuspuntu osoagoa eskaini nahi dugu. Gogoratu behar da Creacity programa europarraren baitan Iruña eta Baionarekin batera ekin diogula lanari”.

“Foroa aprobetxatu nahi dugu, jardunaldiak baliatuz, proiektu turistiko berrian eman diren aurrerapausoak aurkezteko”, gehitu du Silanesek.
Suzanne Badiane sukaldariak gehitu duenez, “sukaldaritzaren bidez erakutsi eta ikasi egin nahi dugu. Sukaldaritzak kultura desberdinak ezagutzeko aukera eman dit, aberastasuna ekartzen du horrek eta denok irabaziko dugu topaketa honekin”.

Egutegi osoa

Ostegunean, Carlos V. paradorean, 9:00etatik hasita, goiz eta arratsaldeko saioetan, hitzaldiak egongo dira, eta gauez, gauez harresietara bisita egingo da Hondarribiko Farrandula antzerki taldeko aktoreekin eta akordeoi-jole baten animazioarekin.

Ostiralean, Senegal-eko gastronomia izango da protagonista, Uralde-Berri jatetxean egingo den afariarekin 21:30etan. Erreserbak, jatetxean bertan edota 943 47 73 59 zenbakian.

Larunbatean, Suzanne Badiane eta Mapate Ndiaye sukaldari senegaldarrekin, jaki senegaldarrak salduko dira kalean, eta bazkari herrikoia egingo da San Pedro kalean showcooking batekin. Jasotako diru guztia Hondarribia-Katsikas Boluntario Taldeari emango zaio. 11:00etatik hasiko da ekimena. Amaitzeko, larunbatean bertan, 21:30etan, Arraunlari Berri jatetxean, Dakar-Hondarribia fusio-afariaz gozatu ahal izango da, errezeta senegaldar eta euskaldun tradizionalak uztartuz. Erreserbak, jatetxean bertan edota 943 57 85 19 zenbakian.

Hitzaldi guztiak irekiak izango dira eta bisita gidatua doakoa izango da.
Bisita gidatuaren abiapuntua Arma Plaza izango da 19:30etan (erreserbak: 943 64 36 77).