Txomin Sagarzazu, Hondarribiko alkatea. / Hondarribiko Udala

Alarde Fundazioaren egoitzari egindako erasoagatik oharra atera dute EAJl eta PSEk. “Hondarribiko EAJ-PNV eta PSE-EE udal taldeak atsekabetuta gaude atzo Alarde Fundazioaren egoitzari egindako erasoagatik eta kondenatu egiten dugu. Era berean erakunde horrekin duen solidaritatea azaldu nahi dugu. Begirune eta zibismo eza ez dira, eta ez dira inoiz, inolako kausa aldarrikatzeko bidea izango”.

“Azaroaren 25a erreferentziazko eguna bihurtu da gure gizartean aldarrikatzeko eta protesta egiteko: emakumeen aurkako indarkeriaren aurrean gizarte osoaren eta erakundeen gaitzezpena ikusarateko eguna da. Hondarribiko Udalak ere bat egin zuen udal talde guztiek sinatutako adierazpen instituzional batekin. Hondarribiko Udaletik bizikidetzaren eta tolerantziaaren alde lan egiten jarraituko dugu eta jakitun gara atzokoak bezalako ekintzek ez dutela elkarrizketarako giro emankorra eraikitzen laguntzen”.

Abotsanitz

Abotsanitz ere, pintaketa hauen inguruan bere gertutasuna plazaratu nahi izan du. “Abotsanitz Udal Taldeak zera adierazi nahi du Alarde Fundazioak Arma Plazan duen egoitzan agertutako pintaketen inguruan. Abotsanitz Udal Taldeak goizean mezu pribatuz elkartasuna adierazi dio Alarde Fundazioari, ez dugulako uste gatazkaren konponbidean horrelako ekintzek lagundu dezaketenik”.

“Mezu hori bidali eta gero jaso dugu udal gobernuaren idatziarekin bat egiteko proposamena. Proposamen horretan ez digute aukerarik eman testua adosteko, eta, laneko ordutegia kontuan izanik, ez dugu denbora nahikorik eduki udal taldean aztertzeko. Denbora gehiago eskatu dugu, baina eguerdira arteko muga jarri digute. Eta epe horretan ezin izan dugu Abotsanitz Udal Taldeko lau kideak elkartu. Tristuraz ikusten dugu adostasuna bilatzeko behar adinako esfortzua ez delako egin, gure borondatea beti izan delako Alardearen gatazkan elkarrizketa sustatzea eta elkarguneak bilatzea. Horren adibide da 2019ko jaien aurretik udal talde guztiek sinatutako testua”.