Maite Darceles, Arma Plazan. / Martin Tellechea

Bihotzean daramagun mundua argitaratu berri du Maite Darceles Tife hondarribiarrak. Zientzia-fikzioan oinarritutako eleberria dugu. Berarekin hitz egin dugu istorio honetaz gehiago jakiteko.

– Zer aurkituko dugu Bihotzean daramagun mundua irakurtzean?

Etorkizun hurbilean gertatzen den eleberri bat aurkituko dugu, gure munduaren antza handia duen mundu batean gertatzen dena. Lorea izeneko neska gazte bat da kontakizunaren protagonista, eta bere bilakaera kontatzen zaigu. Aldi berean, Loreak deskubritu ahala, hura bizi den munduaren ezaugarriak aurkeztuko zaizkio irakurleari.

Pentsarazteko materiala aurkituko dugu testuan zehar, baina baita eleberri beltzaren osagaiak dituen intrigazko kontakizun bat ere: abentura eta akzioa. Hala esan izan didate.

Hainbat gai iradokitzen ditu, gogoetabideak ireki nahi lituzke, nolabait. Baina kontakizun dinamiko eta ameno baten bidez egiten saiatu naiz, eta horrela, irakurleari aukera eman istorioaren planoan geratzeko edo, nahi badu, kritika sozialaren planoan sakontzeko ere. Bi plano horien artean oreka bilatzea izan da liburua idazterakoan neure buruari jarri nion erronka nagusietako bat.

– Non kokatzen da istorioa?

Istorioa mende honen bigarren erdialdean kokatzen da, Euskal Herriko hiriren batean, ez da aipatzen zehazki non. Baina Euskal Herrian ez ezik munduko edozein bazterretan koka zitekeen. Etorkizuneko garai horretan munduko hiriak elkarren artean oso antzekoak baitira: ez dago haien artean alde kultural handirik, ezta bizimoduari dagokionez ere, ezta ekonomiaren ikuspuntutik… Etorkizuneko gizarte horretan badira desberdintasunak, handiak, izan ere! Baina ez dira ematen hirien artean, herrien artean, eskualdeen artean… Beste nonbait kokatzen dira desberdinatsunak, eleberrian azaltzen diren (asmatutako) gertakari historikoen ondorioz. Eta irakurleari ezin diogu gehiago aurreratu, eleberriaren muinetako bat azalaraziko baikenuke.

Uniformitate kulturala aipatu dut. Hemen, Euskal Herrian, euskaraz hitz egiten jarraitzen dute garai horretan, euskara existitzen da, ez dut hizkuntza hegemoniko bakarreko mundu bat irudikatu. Baina horrek ez du (kasu honetan) kultura aniztasuna erakusten, beste edozein hizkuntzatan beste edozein lekutan gertatzen denaren pare-parekoa baita bizimodua. Behin kazetari batek esan zidan istorioa kokatzen den mundu horretan “iraganarekin lotzen gaituen haririk gabe bizi direla”. Definizio hori oso egokia iruditu zitzaidan. Hala da, bai.

– Egungo gizartearen kritika da?

Bai, hala izan nahi du. Egungo gizarteari, gizartearen logikei, kritika egin nahi nien. Argi nuen ez nuela soluziorik, eta ez nuen soluziorik emateko asmorik, noski, baina nolabait kontzientzia hartzeaz hitz egin nahi nuen. Kontzientzia hartzearen beharraz. Eta kontzientzia hartze kolektiboaz. Kontzientzia hartze kolektiboaz ari naizela, eta nahiz eta Bihotzean daramagun munduaren gaitik pixka bat urrundu, feminismoak alor horietan ekarpen handiak egin dituela uste dut. Ez da kasualitatea gaur egun feminismoa izatea eraldaketaren ikuspegitik esperantza handien sortzen duen mugimenduetan indartsuenetakoa.

Bestetik, denok sistema elikatzen dugula, horren kontzientzia handirik gabe. Horretaz ere hitz egin nahi nuen ‒bidebatez, patriarkatuarekin ere gertatzen da hori‒. Eta baita alternatibak irudikatu eta martxan jartzeak dakarren zailtasunaz ere. Baina alternatibarik ez bilatzeak zentzurik ez duela ere agertu nahi nuen, alegia, “etsipena ez dela bidea”.

– Lehen eleberria duzu, baina bigarren liburua… aurretik saiakera bat argitaratu zenuen…

Bai, Eraldaketarako gidalerroak, Bizkaiko Foru Aldundiko Berrikuntza Agentziak argitaratua 2009an; esperientzia interesgarri batzuk aztertuz landa-lana egin ondoren idatzia. Liburu horretan, beharbada, bihotzean daramagun mundua posible egiteko tresna batzuk, bide batzuk agertzen dira, beste bide eta tresna askorekin osatu beharko liratekeenak. Antolakundeen eremuari dagozkion hondar ale batzuk…

Niretzat idazketa prozesua oso aberasgarria izan zen eta orduan konturatu nintzen idaztea benetan, barru-barrutik, atsegin nuela, betetzen ninduen zerbait zela. Oraingoa idazterakoan berretsi egin dut hori. Nolabait, idazle sentitzen naiz, ez lanbidez, noski, baina bai izaeraz, joeraz, izatez.

– Nolakoa izan da kritika orain arte?

Noizbehinka irakurle ezagun edo ezezagun baten iritzia iristen zait: mezu bidez, kalean topatuta, ezagun baten bidez… polita da, hainbat gauza esan dizkidate…

Nere ustez, idazleak bere behar batzuk asetzeko idazten du, edo nere kasuan hala dela uste dut, eta idatziaren bidez irakurlearekin komunikazio bideak sortu nahi ditu. Egia esan, uste nuena baino maila handiagoan lortzen ari naiz komunikazio bide horiek garatzen.

– Istorio gehiago dauzkazu buruan edo lasaitasun pixka bat bilatuko duzu hurrengo hilabeteetan?

Kar kar kar… lasaitasun gutxi… Laneko hainbait gauza bideratu behar ditut, eta Bihotzean daramagun munduaren zurrunbiloa pixka bat apaltzen zaidanean beste zerbait idazten hasi nahi dut laster. Orain “xurgatze” prozesuan nagoela esango nuke, interesatzen zaizkidan ideia eta kontuei bueltak ematen. Hainbat gairen inguruan bueltaka nabil…