13 saltoki dira guztira parte hartzen dutenak. / Hondarribiko Udala

Hondarribiko Udala erakusleiho-apainketako tailerra eskaintzen ari da herriko merkatarientzat. Azaroko bigarren astean hasi eta 22ra bitartean ematen ari da Itsas Etxea Auditoriumean, 13 saltokik parte hartzen dutelarik.

“Guztira, 24 orduko ikastaroa da”, esan du Maria Serrano Merkataritza zinegotziak. “Horietako 4 erakusleihoak diseinatzen aritu dira, eta 20 ordu gabonetako dekoratuak egiteko erabiliko dira. Gainera, parte hartzen duten saltokiek ordubeteko aholkularitza izango dute saltoki bakoitzean, muntatzen eta argiztatzen laguntzeko”.

“Oso ikastaro dinamikoa da, eta parte-hartzaileek ilusio eta gogo handiz egiten diote aurre. Diseinatutako proiektuak askotarikoak izaten ari dira, eta noski, denak Gabonekin lotutakoak”.

Ikastaro honetan erakusten saiatzen da emaitzarik onena lortzeko ez dela soilik erakusleiho bat diseinatu behar, baizik eta material ezberdinak erabili behar direla eta erakusleihoan argiztapen egokia jarri behar dela. Era berean, garrantzitsua da ideian eta muntaian saltzen duten produktua sartzea”, gehitu du Serranok.

Tailerrean parte hartzen ari diren saltokiak 13 dira: Xera estetika, Ipotx, Ongi Etorri, Canela, Ilaia Ileapaindegia, Guauxua, Joski, Xera Lenceria, Joxean haragitegia, Done Pedro, Santa Maria Madalena tailerra, Leiza, Maddi Sormena.