Peli Lekuona, Urdanibia plazan. / Martín Tellechea

Sortu berria den Kepa Ordoki elkartearen idazkaria da Peli Lekuona kazetari irundarra. Berarekin egon gara elkarteari buruz gehiago jakiteko:

– Nola sortu zen elkartea eta zergatik?

Elkartea Irun, Hondarribia eta Hendaiako bizilagunak batuz jaio da. Eskualdean, oroimen historikoaren alorrean hutsunea dagoela eta Kepa Ordokirengan ere ez-ezagutza dagoela uste dugu. Hortaz, interes amankomunez, helburuez, gertaera historikoez eta beste hainbat gaiez hitz egiteko harremanak eta bilerak izan ditugu eta gure helburuak asetzeko, Kepa Ordoki Memoria Historikoa Bidasoan elkartea sortu dugu.

– Zergatik aukeratu zenuten Kepa Ordokiren izena elkarterako?

Aurten Kepa Ordoki komandante irundarraren heriotzaren XXV. urteurrena da eta eskualdeko jende gutxik daki bizilagun honek Bigarren Mundu Gerran parte hartu zuela, Gernika Batailoian. Ez-ezagutza horrekin amaitzeko intentzioa dugunez, aproposa iruditu zaigu elkarteari bere izena jartzea.

Baita ere, oroimenarekin joko txiki bat dugu. De Gaulle jeneralak Ordoki komandanteari esan zion Frantziak ez zuela inoiz ahantziko Gernika Batailoiko gudari euskaldunek buruturiko esfortzu eta sakrifizioak. Orain, aldiz, Ordoki eta Gernika Batailoiko gudariak nahiko ahantziak daude bai Frantzian, bai Euskal Herrian.

– Zeintzuk dira zuen helburuak epe laburrera eta epe luzeago batera?

Epe laburreko lehen helburua bete dugu. Elkartea sortua dago eta Irungo atxilotze guneei buruzko lehen dibulgazio lana plazaratu dugu. Orain, jorratzeko gaiak aukeratu behar ditugu, mendira joan, edukiak landu eta hauek zabaldu. Ekintza hauekin Bidasoa bailaran askatasuna, demokrazia eta justizia sozialaren alde borrokatu edo bizitza eman zuten pertsonen oroitzapen historikoa berreskuratu, eta hauen ideiei duintasuna eman eta zabaldu nahi ditugu.

Etorkizunera begira, 36ko altxamendu faxista, frankismoaz eta trantsizioari buruzko ezagutza handitzea nahi dugu. Beti ere eskualdeko ikuspuntutik. Izan ere, oroimen historikoak eskatzen duen errespetua ezinbestekoa da, herrien etorkizuna eta pertsona aske eta solidarioen garapenerako.

– Instituzio eta alderdi politikoekin harremana izan beharko duzue horrelako gai bat jorratzerakoan. Nola hartu dute elkartearen sorrera?

Lehenbiziko harreman ez formalak positiboak izan dira. Elkarlanerako prest gaude.

– Badira Bidasoaldean Gerra Zibilari buruz egindako hainbat ikerketa… Irunen LUKT-ren eskutik ezagutu ditugu batez ere, Hondarribian Guadalupeko gotorlekuko gertakariak ezagutzera eman dira azken urte hauetan… Zuen ustetan zer dago egiteke oraindik?

Lehenik eta behin gure aurretik buru belarri ibili den jendearen lana eskertu nahi dugu. Oso baliagarriak dira gure jardunerako eta xehetasun berriak lortzeko. Aurpegiak jartzea falta da. Eskualdeak errepresio nabarmena jasan du XX. mendean eta errepresioa jasan eta eragin zuten pertsonei aurpegia jarri nahi diegu.

– Duela egun batzuk elkartea ezagutzera eman duzue prentsaurreko baten bidez. Hainbat komunikabideetan atera da albistea. Zer nolako harrera izan duzue jendearen artean?

Harrera positiboa izan dugu. Laguntzeko prest dagoen jendea gerturatu da eta gure mezua zabaltzen hasi dela ere nabaritu dugu. Pozik gaude elkartearen sorrerarekin, baina ezin gaitezke poztasunean gelditu. Pilak jarri eta lanean bete-betean sartu beharra dugu.