Angel Mariezkurrena (e), Inaxio Muguruza eta Aitor Mendiluze. / Martin Tellechea

Datorren urriaren 5ean Euskal Kanta Zaharraren Eguna ospatuko da Atalaia jatetxean. Ekitaldia Angel Mariezkurrena kantu bazkari antolatzaileak eta Inaxio Muguruza sukaldariak antolatuko dute.

Angel Mariezkurrenaren esanetan, “orain dela 20 bat urte hasi nintzen kantu zaharrak berreskuratzen Eratsungo festetan. Han beti kantatzen bukatzen genuen. Hasieran herriko ohitura batekin zerikusia zuen zerbait zela pentsatzen nuen, baina Euskal Herri osoan ematen zen gauza bat zela konturatu nintzen. Mahai inguruan egiten ditugu kantak, aldamenekoari nor den edo zer pentsatzen duen galdetu gabe”.

13:00etan hasiko da ekitaldia, Atalaia jatetxeko terrazan prestatutako ongi etorriarekin. Bertan oilo eta txahal salda daztatzeko aukera izango da, baita arto ogia tipuliña eta txitxikiarekin, kroketak eta arabako patata eta odolkia ardi gaztarekin labetua ere.

14:00etan bazkaria hasiko da, honako menuarekin: onddo kurruskaria otarrainxkarekin, betiko bakailoa saltsan, limoi sorbetea, urdin sagarra errea ahate eta mahatsekin eta goxua tejarekin.

Aitor Mendiluze bertsolaria, Aitor Ibarra (tronpeta) eta Beñat Mitxelena (soinujolea) izango dira otordua alaituko dutenak. Aitor Mendiluze bertsolariarentzat “bertsoa jendearekin partekatzen den jolasa da. Kantu zaharrak antzekotasun ugari ditu. Gauza bat bakarrik aldatzen da, kantu zaharretan jendeak ere parte hartzen duela”.

Iñaxio Muguruza sukaldariarentzat “ilusio handia da Euskal Kantu Zaharren Eguna Atalaia jatetxean ospatzea. Lagun asko bilduko gara eta gure partetik menu goxo bat prestatuko dugu bolada atsegina igaro dezagun”.

Pertsona bakoitzeko 50 euro ordainduko da eta izena-emateko epea urriaren hasieran itxiko da eta Atalaia jatetxean bertan egin behar da, hara gerturatuz edo 943 62 94 33 telefonora deituz. 200 plaza daude eta 60 bete dira dagoeneko.