Euskara arloko ordezkaria den Monica Martinez. / Irungo Udala

Irungo Udalak, Euskara arloaren bidez, Merezi duelako! ¡Por lo que más quieres! proiektua abiarazi zuen 2009an, euskararen familiarteko transmisioa sustatzeko. Bada, ekimen horren baitan, Familia Ola programa sortu zen: 2 urtetik 8 urtera bitartean dituzten haurren familientzako jarduera sorta bat.

Azken urteotan gauzatu izan da ekimen hau, euskararen familiarteko erabilera sustatzeko. Euskara arloak azaldu duenez, “hizkuntzaren familiarteko transmisioa bultzatzen lagundu nahi dugu eta, bereziki, pixkana-pixkana etxeko komunikazio esparru formal zein naturalak berreskuratu, geletatik haratago, erabilera txikiagoa baita familiartean”.

Horretarako, 2019-2020 ikasturtean, familia euskaldunentzako eta hizkuntza ondo jakin ez baina euskararen erabilera sustatu nahi dutenentzako aisialdiko jarduerak antolatuko dira: sukaldaritza tailerrak, eskulanak, irteerak eta abar; Hasteko, lehenengo ekimenak azarorako antolatu dira:

Zirkoa familian

Haur zein heldu, jolasen bitartez zirkoaren mundu liluragarria ezagutuko dugu. Esku jolasak eta lurreko akrobaziak egitera animatzen al zara? Zatoz zirkora familian!
Adin tartea: 2-8 urte.
Noiz: Azaroaren 12an eta 14an.
Ordutegia: 17:30-19:00.

Arditurrira bisita

Ba al dakizu zer den meategi bat? Egon al zara inoiz? Arditurrira, Oiartzunera, joango gara bertakoa ezagutzera. Meategia bisitatu eta asko ikasiko dugu bertan! Animatu! Adin tartea: 2-8 urte.
Noiz: Azaroaren 23an.
Ordutegia: 11:00etan.
Non: Arditurrin (Arditurri Bidea, 3, 20180 Ergoien, Gipuzkoa).

Zentzumenekin jolasean

Zentzumenak martxan jarriz jolastu eta esperimentatu nahi al duzu? Ikusi, usaindu, entzun, dastatu eta ukitu! Gailetak eginez zentzumenak landuko ditugu! Animatu! Adin tartea: 2-8 urte.
Noiz: Azaroaren 26an eta 28an.
Ordutegia: 17:30-19:00.

Hiriko ikastetxeetan izango dira jarduera horiek guztiak. Parte hartzaileek izena eman dezakete, urriak 23 eta azaroak 6 bitartean, www.irun.org udal webgunean. Ekimen guztiak dohainik dira.